Leku-lekutan

Siriako fitxa

Kristina Berasain Tristan.
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Dara jarraitzen du epizentroa izaten, eta, oraingoan ere, sarraski handiena hiri horretan eragin badute ere, protestak jada herrialde osora zabaldu direla agerikoa da. Hegoaldetik iparraldera, eta ekialdetik mendebaldera, zeharkatzen du iraultzak Siria. Eta demokraziarako aldarrikapenak isilaraztea gero eta zailago izango zaio aurrerantzean erregimenari, ezen historikoki jazarpen handiena pairatu duten komunitateak ere, beldur atabikoari aurre eginez, kalera atera dira azken egunotan; estatuaren erantzuna protesta bezain irmoa izan arren, ez baitute honez gero promesetan sinesten.

Al Kamishli hiriko kurduak memorian iltzatuta dute duela sei urteko sarraskia. Intifadari ekin zioten udaberri hartan, erregimen horrek beste inon baino estuago hartzen baititu estaturik gabeko nazio handieneko kideak. Jazarpena, baina, ankerra izan zen. Bashar al Assadek milaka soldadu bidali zituen, helikoptero eta tankeekin, eta egun gutxitan 30 kurdu hil zituzten. Ez zien barkatu aitaren estatua bota izana. Amnesty Internationalen arabera, 2.000 lagun atxilotu eta torturatu zituzten. Orain, hala ere, berriro atera dira kalera hiri hartako kurduak.

Hama hirikoa latzagoa izan zen. Siriako Gernika baita Hama. Anaia Musulmanak 1976. urtean abiatu zuten erregimenaren kontrako matxinada hiri hartan, eta bonbardaketa sei urtera etorri zen. Hafez el Asaden garaia zen. Eta 1982ko otsailean milaka lagun hil zituzten. Inork ez daki zehazki zenbat. Robert Fisken arabera 20.000. Kazetariak lau hitzetan definitu zuen orduan erregimena, baina bi sobera zituen. Bihozgabeki makurgaitza zela esatearekin aski zuen. Antolatuta eta neurrizkoa bazela ere idatzi zuen.

Bost hamarkadaz luzatzen den erregimenak ez dio ankerra izateari utzi. Askatasun eta demokrazia falta erabatekoa da, hala nola estatu poliziala eta hermetismoa. Baldintza hauetan erraza egin zaie alauitei oposizioa jazartuta izatea, eta, ondorioz, sakabanatuta eta ahulduta, eta herria, berriz, guztiz beldurtuta izatea. Diplomazia pragmatikoa egitea era baliagarria izan zaio presidenteari boterea bermatzeko, ezen, eremuan duen leku estrategikoa baliatuta, malabarismo politikoa egiten aritu da urteetan, interes puntualen arabera maltzurkeriaz jokatuz eta, azken batean, inorekin epe luzerako konpromiso zehatzak hartuz. Eta estrategia horrek tarteka bakartuta egotea ekarri badio ere —zigor ekonomiko eta politikoak ezarri izan dizkio nazioarteak—, oro har, emaitza onak eman dizkio, ezen pieza gakoa da nolabaiteko egonkortasunari eusteko, inoiz erabatekoa ez bada ere. Eta ingurumari horretan inori ez zaio komeni fitxa hori mugi dadin, izan ere, mugitzekotan denak atera daitezke galtzen. Israel bera, aurkari historikoa izanda ere, ez luke pieza hori mugitzea nahi, nahigo baitu ezaguna dena, makurra izateagatik ere. Siriako herritarrentzat ez ezik, beraz, taula politikoa bere horretan gelditzea erosoa da denentzat, diplomaziak nahiago duelako erregimen pragmatiko hori, etor dakiekeena baino. Eta erregimena ere kezka horretaz baliatzen da boteretik kanporatzen badituzte kaosa erabatekoa izango dela ohartarazteko. Eta mezua ez da barrura begira zabaltzen ari, kanpora begira baizik. Libiari zeharkako erreferentzia eginez. Eta Hillary Clinton ere, herrialde hori aipatu gabe mintzatu da Bashar al Asadez. Buruzagi diferente bat dela zehaztuz. Muammar Gaddafi ez dela zehaztuz, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.