Protestak herrialde arabiarretan. Tahrir plazatik
VIPen aldamenean
Tahrir plaza zeharkatzea odisea bat izan daiteke barruan milioi bat lagun daudenean. Kasr el Nile zubitik sartuta justu bestaldean paratu dute agertokia, goiz hasieran itzala duen eremu bakarrean. Bidea tranpa etengabea da, hesi bat ez bada, pilaketa bat, eta pilaketa ez bada, zapalketa bat edo kolpe bat —ikurrekin edo albokoaren besoarekin—. Ordubete behar da buxadura gainditzeko, eta eguzkiak bete-betean jotzen du. Mendebaldarra eta journalist izatea, hala ere, lagungarria da. Agertokia babesteko jendez eratutako hesia zeharkatzea ez da plaza zeharkatzea bezain zaila izan. Itzalik apenas gelditzen den, eta errezoa hastera doa. Bozgorailuen kutxetako bat eserleku pribilegiatua da. Zuriz jantzitako emakume bat dago alboan, itxura berezikoa. Burua Egiptoko ikurrarekin babestu diotenean hasi dira galderak. Errezoa amaitutakoan etorri da erantzuna: hasi dira ba denak hari gozokiak eta pastelak eskaintzen, eskuak luzatzen, argazkiak ateratzen. Jasmine el Khaiam abeslaria dela argituta, harengana gerturatu, eta musu eman du. Hunkituta dagoela dio eskutik helduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu