Tahrir plaza ez da isildu. Mundu zabaleko beste plaza batzuetara ari da begira orain nazioartea, diktaduren amaiera aldarrikatzen ari diren plazetara, eta horietan arreta jartzea ezinbestekoa bada ere, demokraziaren paradigma bilakatu den plazari ere erreparatzea komeni da oraindik, ezen iraultzaren ikur izan zen bezala, trantsizioaren bide orria ezartzeko garaian ere eredua izan daiteke. Eta horretan ari dira Egipton. Hosni Mubarak botatzea izan zen aurreneko erronka, zailena, baina diktadorearen ondorengo garaian ere erronka ugari daude, zailak horiek ere; iraultza ez baita amaitu, eta gakoa orain haren arimari eustea da, iraultza salbatzea. Herriak diktadorea bota izanak ez baitu bermatzen demokrazia. Eta iraultzaren helmuga hori da.
Kairoko bihotzean ostiralero-ostiralero elkartzen diren milaka eta milaka herritarrak horretan ari dira, trantsizioa bideratzen ari diren militarrei adi, iraultzaren ikur izan den plaza trantsizioarena ere izan dadin, ezen ez dituzte begi onez ikusten azken hilabetean egin diren urratsak, iraultza bera kolokan jar dezaketen neurriak hartu baititu armadak, prozesu demokratikoa gauzatzen ari den itxura emanez, baina, funtsean, erregimenaren egiturei mesede egiten dieten keinu azkarrak eginez, demokrazia bermatzeko beharko liratekeenak baino azkarragoak, hiru hamarkadako diktadura ezin baita sei hilabetean erabat desegin. Litekeena baita agintean dauden militarren helburua frankotiratzaileen aurrean jarri ziren herritarrenaren oso bestelakoa izatea, ezen militarrak erregimen polizialaren gakoa izan dira urteetan, eta oraindik boterean jarraitzen dute, preso politikoei amnistia eman gabe, Salbuespen Legea bertan behera utzi gabe, protestak debekatzeko lege proiektuak sustatzen, xaria lege islamikoa oinarri duen Konstituzioa onartzen eta hauteskundeak ahalik eta azkarren egiteko ahaleginean, jakinda horrela klandestinitatean aritu den oposizioak ez duela antolatzeko aukerarik izango, eta, beraz, erregimenaren konplizeei berriro agintea eskuratzeko bidea eginez.
Egipton irailean egingo diren Legebiltzarrerako hauteskundeak nekez izango dira pluralak eta demokratikoak, armadak erregimen zaharrari mesede egiten jarraitzen badu. Eta hori kezkagarria da.Are gehiago lehen zurrumurrua zena orain denen ahotan dabilen egia denean: Etxe Zuriarekin negoziatu zutela militarrek diktadorearen irteera, bi herrialdeek urteetan izan duten konplizitatea, akordio militarrak tarteko, agerian utziz. Eta Kairoren eta Washingtonen arteko harreman estu hori ez dela egun batetik bestera hautsipentsa liteke; beraz, galdera da zein ari den benetan trantsizioa bideratzen. Eta erantzuna bata edo bestea izanda, diktadorearen gertuko jendea dela esanda nekez okertuko da bat, batzuei eta besteei, faraoi baten lekuan beste bat jartzea komeni zaiela esanda okertuko ez den bezala.
Eta giltza, beste behin, kalean egongo da. Tahrir plazan ostiralero-ostiralero elkarretaratzen diren herritarrengan, urtarrilaren 25ean kalera atera ziren herritarrengan, hemezortzi egunez eta gauez plazan kanpatuta egon zirenengan, inoiz bozkatu ez dutenengan, diktadura garaian disidentzian aritu direnengan; azken batean, beste faraoi bat nahi ez duten herritar xumeengan. Lehen erregimenari bezala orain erregimen haren ondareari aurre egiteko bide bakarra protesta dutelako. Kalea. Tahrir plaza. Ostiralero.
Leku-lekutan
Zeresana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu