Botoen erdiak baino gehiago zenbatuta, %62,12 jaso ditu Kongresu Nazional Afrikarrak. Aliantza Demokratikoa oposizioko alderdiak, berriz, %22,32 eskuratu ditu. Gora egin du oraingoz, 2009ko hauteskundeetan %16,7 lortu baitzituen. Botoen zenbaketa osoak zein emaitza emango duen oraindik jakiteko dagoen arren, botoa ematera deituta zeuden 25 milioi lagunen %75 hauteslekuetara hurbildu zirela zabaldu da. Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiak zoriondu egin ditu hegoafrikarrak, eta txalotu egin du sistema demokratikoan parte hartzeko erakutsi duten "irmotasuna".
Hegoafrikan hogei urte egin ditu agintean ANC Kongresu Nazional Afrikarrak, apartheid-aren erregimena eraitsi eta demokrazia ezarri zutenetik. Eta, zenbaketak aurrera egin ahala emaitzak aldatu ezean, agintean jarraituko du atzoko hauteskundeen ondoren ere, Jacob Zuma presidentea ustelkeria auzitan nahastu, eta pobreziaren eta oinarrizko zerbitzuen eskasiagatik gobernuaren kontrako protestak eguneroko bilakatu diren arren. Nelson Mandela gabeko aurreneko hauteskundeetan, krisi politiko eta ekonomiko sakon batean dago Hegoafrika, eta ANC gainbehera zantzuak erakusten hasia da.