Geroz eta indartuago dago Katalunian burujabetzaren aldeko aldarria. Herenegun, Osana eskualdeko bi udalerri «lurralde katalan aske» deklaratu ostean, ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente Carme Forcadellek Artur Mas Generalitateko presidenteari ohartarazi dio aurtengo Diadako —Kataluniako aberri eguna— martxak independentzia aldarrikatzeko «aurrerapauso bat» eskatuko diola gobernuari. Forcadellen arabera, aurrerapauso hori eginez gero «herri osoaren babesa» izango du Generalitateak.
Masek abuztu amaieran jakinarazi zuen «ekitaldi instituzionaletara soilik» joango dela eta ez duela Bartzelonako martxan parte hartuko. Baina ANCko ordezkaritzari harrera egiteko eskatu dio Forcadellek. Horren hitzetan, «herritarrak prest daude Katalunia Europako herri libre eta burujabea izan dadin», eta horixe erakutsi nahi dio ANCk Generalitateari. Hain justu, Nuria Gispert parlamentuko presidenteak, ANCko ordezkari batzuei harrera egingo die manifestazioaren ondoren.
Katalunia, Europako estatu berria leloa izango duen pankarta bat buruan dela egingo dute datorren asteartean martxa, eta Forcadellek alderdi politikoei ohartarazi die «gainerako leloek» ez dutela balio, martxaren helburua «jendea batzea» delako. Horretaz gain, independentziari «argi berdea» emateko prest joan daitezela eskatu die ANCk herritarrei. Horretarako, kartoi mehe berdeak banatu ditu Kataluniako egunkarien eta eskualdeetako argitalpenen bidez, martxan parte hartuko duten herritarrek guztiak aldi berean altxa ditzaten.
Aurtengo Diada «historikoa» izango dela nabarmendu du ANCk, eta Mahatma Gandhik Indiako independentziaren alde egindako protestarekin zein Martin Luther Kingek arraza bazterketaren aurka eta eskubide zibilen alde egindakoarekin alderatu du Forcadellek astearteko mobilizazioa. Bestalde, azaldu du independentziaren inguruko erreferendumera deitzeko lanari ekingo diola ANCk Diadaren ostean.
Martxaren arrakasta ez dute zalantzan jarri antolatzaileek, eta adierazi dute «ekitaldi jendetsua» izatea espero dutela, herritarren babesak «aurreikuspen guztiak» gainditu dituelako. Nabarmendu dutenez, 700 autobus eta hiru tren beteko dituzte manifestazioan parte hartuko duten lagunek, eta herritarren parte hartzeaz gain, «planteamendu independentistak» ez dituzten alderdi politikoetako ordezkarien atxikimendua ere azpimarratu du Forcadellek.
Asteartean, arratsaldeko seietan abiatuko da independentziaren aldeko martxa Bartzelonako Gracia pasealekutik, eta parlamentura arteko bidea egingo du. Bartzelonan egoterik ez daukaten herritarrek manifestazioan birtualki parte hartzeko aukera dute www.catalansalmon.com web orriaren bidez. Webgunearen arabera, Kataluniako herritarrak aspertuta daude hainbeste urtetako «gehiegikeria, eraso eta indarrezko lapurretekin». Hala, edozein txokotatik martxa babestu duten herritarren izena munduko mapa batean agertuko da, eta nahi duenak Kataluniako banderarekin ateratako argazkia ere jarri ahal izango du Interneten.
Erakusleihoa baliatu beharra
Batzuk atzerrian daudenekin gogoratu dira, eta instituzioetako ordezkariak ere jarri dira kanpora begira, eta aurtengo Diadan «Katalunia zer den» erakusteko eskatu diete herritarrei. Generalitateko bozeramaile Francesc Homsek eta parlamentuko presidenteorde Lluis Maria Corominasek aurkeztu dituzte ekitaldi instituzionalak, eta azaldu dute «adierazpen nazionala eta irmotasunaren mezua» helarazi nahi dutela. Gobernuko bozeramaileak adierazi du kanpoko jende askok iusiko dituela Diadako ekitaldiak eta erakusleiho hori baliatu behar dela Kataluniako herritarrek «zer pentsatzen eta eskatzen duten» erakusteko.
Homsen arabera, egungo testuinguruak argi uzten du aurtengoa ez dela «edozein Diada», eta herritarrei ekitaldi guztietan parte hartzeko deia egin die, hori bai, «modu kolektiboan, demokratikoan eta baketsuan». Haren hitzetan, «bakoitzak bere ukitua emateko eskubidea du, baina Diada altxor kolektiboa da». Horregatik, indar politikoei eskatu die «alderdikeriazko ikuspegiak» instituzio eta eztabaida publikoetan bakarrik egiteko, eta Diadaren adierazpen kolektiboa ez baliatzeko ideiak, proposamenak edo programak alderatzeko.
Mossos d'Esquadraren desfileak emango dio hasiera instituzioek antolatutako ekitaldiari, eta, gero, udalerri bateko alkateak bere herriko bandera entregatu beharko du, urteroko ohiturari jarraituz. Aurten, Campany herriko alkateari eman diote horretarako aukera; Alt Empordako suteak kalteak egin ditu herri horretan. Generalitatearen arabera, «ezbeharrei aurre egin eta berriz hastearen borroka sinbolizatzeko». Astelehenean, berriz, parlamentuaren egoitzan dagoen Felipe V.-aren arma ezkutua estaliko dute, Kataluniako ezkutua gainean jarrita. Modu horretan, Generalitateko lehen presidente Francesc Maciak 1932an hartutako neurria errepikatu eta, bide batez, II. Errepublikan osatutako parlamentuaren 80. urteurrena ospatuko dute.
ANCk estu hartu du Mas, independentziaren alde urratsak egin ditzan
Diadan independentziari «argi berdea» emateko eskatu die herritarrei Biltzar Nazional KatalanakHerritarrek «zer pentsatzen eta eskatzen» duten ikusarazi nahi du Generalitateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu