Katalunia

ANCk independentzia aldarrikatu nahi du 2015eko Sant Jordi egunean

Asmoa apirilaren 5eko biltzarrean onartu beharko dute kideek, baina, edonola ere, Biltzar Nazional Katalanak dio Kataluniako erakundeei dagokiela aldarrikapenaren eguna zehaztea.

2013ko Diadako irudia. TONI ALBIR, EFE
Maialen Unanue
2014ko martxoaren 13a
13:10
Entzun

2015eko apirilaren 23a, Sant Jordi eguna. Aurretik independentziari buruzko galdeketa edo hauteskundeak egin edo ez, ANC Biltzar Nazional Katalanaren 2014 eta 2015erako txostenean egun hori seinalatu dute Kataluniaren independentzia aldarrikapena egiteko egun egokitzat. Oraingoz, baina, asmoa besterik ez da: datorren apirilaren 5ean erabakiko dute biltzarkideek hori onartzen duten edo ez. Gainera, testu horretan zehaztutakoaren arabera, eurek 2015eko Sant Jordi eguna proposatu badute ere, edozein kasutan, Kataluniaren independentzia aldarrikatzeko eguna zehaztea Kataluniako erakundeei dagokiela zehaztu du.

Aurtengo azaroaren 9an egingo dute Katalunian independentziari buruzko galdeketa. Hori, Espainiak eragozten ez badu, behintzat. Galdeketa egin edo ez, hau da, Espainiako Gobernuak debekatuko balu —eta kasu horretan, hauteskunde  plebiszitario aurreratuak egon beharko luketela dio—, bi kasuetan independentziaren aldarrikapenak 2013ko apirilaren 23an egitea hobesten du ANCk.

Espainiako Gobernuak erreferenduma debekatuko balu, independentziaren aldarrikapenaz gain, "subiranotasun ariketak" egitea proposatuko du ANCk apirileko biltzarrean, Kataluniaren funtzionamendu "guztiz independentea" ikusarazteko: "Azpiegitura handiak kontrolatuz —portu eta aireportuak—, segurtasun publikoa eta komunikazioak".

Mas, ziur

Kontrol saioa egin dute gaur Kataluniako Parlamentuan, eta eztabaida beroa izan da Artur Mas Generalitateko presidentearen eta Alicia Sanchez Camacho Kataluniako PPren presidentearen artean. "Hautesontziak kalera aterako ditut azaroaren 9an", adierazi du Masek, Sanchez Camachok herritarrei hautesontziak ahalbidetuko ote dizkien galdetuta. PPko kideak esan dio ez dagoela bere esku halako galdeketa bat egitea, eta beraz, "legez kanpo" ari dela. Mas, bekaiztuta: "Nola esan dezakezu Espainiako Gobernuak araudi katalana hondoratuko duela eta Auzitegi Konstituzionala ados egongo dela? Nor zara zu halako zerbait esateko? Konturatu zara zein larria den esan duzuna?".

Masek adierazi du Espainiako Kongresuan eskatu duela galdeketa egiteko eskumena, Kataluniako Gobernuari "elkarrizketa gustatzen zaiolako", baina ez dutela aurkitu entzungo dieten inor.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.