aljeriako bahiketa

Angeluarra da Aljerian hildakoetako bat

Frantziako Atzerri ministroak baieztatu du Yann Desjeux armadaren operazioan hil zela, atzo. Angeluko auzapezak haserrea adierazi du eta operazioa salatu du, ohar bidez. Beste 30 lagun bahituta dituzte oraindik islamistek.Stephen McFaul irlandarrak ihes egin eta bere sendiarekin hitz egin ahal izan du. Kontatu die bahituak bost jeepetan zihoazela, eta bera zegoen hori izan zela bonbek harrapatu ez zuten bakarra; beste laurak bonbek harrapatu eta "txikitu" egin zituzten. Yann Desjeux angeluarraren egoeraren berri inork ez daki; Reutersek dio bonbardaketan bi "frantziar" hil zirela. Bideoa: McFaulen senideak horrek esandakoa kontatzen (Al Jazeera). [YouTube]http://youtu.be/zKcnf2uaIFY[/YouTube]

2013ko urtarrilaren 18a
22:42
Entzun

"Bost jeepetan banatu zituzten bahituak, batetik bestera eramateko, eta Aljeriako armadak harrapatu zituen; bostetatik lau bonbardatu zituzten", esan du Christopher McFaulek, Stephen McFaul bahituaren aitak. Stepehenk bizirik ateratzea lortu zuen atzo, eta senideekin harremanetan jarri zen. Uste du bahitu asko hil direla.

Bahitzaileek esan dute euren esku zeuden 41 atzerritarretatik 35 zendu direla bonbardaketan. Erakunde ofizialek ez dute hori baieztatu. Ekintzaileek azaldu dute euren arteko hamabost lagun ere hil zirela; Aljeriako berri agentzia ofizialak hamabosteko kopurua eman du.

Stephenek senideei kontatu dienez, lau jeep horiek txikitu egin zituzten bonbekin, eta horregatik, familiari kontatu dionez, bahituen artean hildako "asko" daudela uste du. Euren jeepa irauli egin zela ere esan du, eta une hori baliatu zuela ihes egiteko. Ahoa estalita eta lepotik lehergailuak zintzilikatuta ziren bahituak, McFaulen arabera.

McFaulen testigantza hori da atzo gertatu zenaren inguruan azken orduetan izan den informazio argi bakarra. Izan ere, Aljeriako armadak atzo bonbardaketa agindu zuenetik nahasmena da nagusi. Bahitzaileek esan zuten bahituak leku segurura eraman nahi zituztela. Itxura guztien arabera, ordea, tragedian amaitu da operazioa.

Albisterik ez Desjeuxen inguruan

Reuters albiste agentziak esan du 30 direla hildako bahituak, eta horietatik soilik zazpi direla atzerritarrak: bi japoniar, britainiar bat eta "frantses" bat, tartean. Inork ez daki, ordea, Yan Desjeux angeluarraren egoera zein den. Azken aldiz atzo jakin zen horren berri, bahitzaileek sakeleko telefonoak kendu aurretik.

Manuel Valls Frantziako Barne ministroak esan du bi "frantziar" itzuli direla etxera. "Beste bien inguruan, beste bi badaude, espero dugu gaur zerbait jakitea".

Erresuma Batua, Japonia edo AEBen kezka

Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak adierazi du lanean "erlojuaren aurka" ari dela "krisia amaitzeko". David Cameron lehen ministroa gaur Amsterdamen (Herbehereak) Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harremanaz hitz egitekoa zen, baina atzeratu egin du agerraldia, Aljeriako afera dela eta.

Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa Asia hego-ekialdean bisita batean zen, baina Tokiora itzultzea erabaki du. Aljeriako bahituen artetik hamalau japoniarrak dira.

AEBetako Gobernuak ere azaldu du "kezka", bahitu batzuk estatubatuarrak direlako. Antzeko egoeran dira Norvegia edo Filipinak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.