Suedia

Anna Lindh hil zuela baina arrazoi politiko barik aitortu du atxilotutako susmagarriak

Mijailo Mijailovic 25 urteko gazteak Anna Lindh Suediako Atzerri ministroa berak hil zuela aitortu du. Dena den, hilketa hori egitera ez zutela arrazoi politikoek bultzatu zehaztu du Mijailovicek. Iazko irailaren 10ean hil zuten Lindh, labankadaka, Estokolmoko merkataritza zentro batean. Hil zuten unean, Suediak diru gisa euroa hartu edo ez erabakitzeko erreferendumerako egun batzuk baino ez ziren falta. Lindh, euroaren bultzatzaile nagusietakoa zen, baina, hala ere, erreferendumean ezezkoak irabazi zuen.

2004ko urtarrilaren 7a
18:52
Entzun
Mijailo Mijailovic gaztearen abokatu Peter Althinek gaur jakinarazi du bere bezeroak atzo egin zioten galdeketa batean Lindh hil zuela aitortu duela. Dena den, Lindh hiltzeko ez zuela arrazoi politikorik izan zehaztu du abokatuak, baizik eta "bulkada bat" izan zela. Mijailovicek 25 urte ditu, Suedian jaiotakoa da, baina gurasoak serbiarrak ditu.

Lindh hil zutenean egun batzuk baino ez ziren falta Suediak diru gisa euroa hartu edo ez erabakitzeko erreferenduma egiteko. Suediako Atzerri ministroa diru bakarraren defendatzaile handienetakoa zen, eta, ondorioz, hasiera batean, erabaki horrekin eta arrazoi politikoekin lotu zen hilketa.

Mijailovic hilketa gertatu eta egun gutxira atxilotu zuten, eta Suediako Poliziako iturriek agertu dutenez, hiltzailea izan zela aitortu ez balu ere, aztarna ugari zeuden hiltzailea hura izan zela frogatzeko; besteak beste, ADNaren azterketak.

Nolanahi ere, Suediako lehen ministro Goran Perssonek adierazi du Mijailovicen aitorpenak lasaitu egin duela, batik bat, hilketari buruzko hipotesi politikoak bertan behera geratu direlako. 1986an Olof Palme Suediako lehen ministro sozialista hil zuten modu bertsuan, eta haren hiltzailerik ez du topatu Poliziak. Suediarren gogo kolektiboan arrasto sakona utzi zuen gertakari hark, eta Lindhen hilketaren inguruan gauza bera gertatzerik ez zuten nahi agintariek.

Esan bezala, Lindh hil eta egun gutxiren buruan egin zen Suediak eurora lotu edo ez erabakitzeko erreferenduma. Atzerri ministroaren hilketak hunkidura handia sortu bazuen ere, ezezkoak irabazi zuen erreferendumean; zehazki, %56k kontra bozkatu zuten eta %42k alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.