mundua

Annanek utzi egin dio Siriarako bitartekari izateari

Nazio Batuen Erakundeak eta Arabiar Ligak otsailean izendatu zuten "konponbide politiko bat" lortzeko. Haren su-eten planak ez du emaitza onik izan. "Ezinezkoa da gobernua eta oposizioa konbentzitzea prozesu politiko bat irekitzeko pausoak eman ditzaten", esan du Annanek.

2012ko abuztuaren 2a
19:14
Entzun

Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren Siriarako bitartekariak utzi egin dio eginkizun horri, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak jakinarazi duenez. Gero Annanek berak berretsi du albistea. Gaur aurkeztu du dimisioa, baina hilaren 31n lagako du kargua.

"Niretzat edota edozeinentzat ezinezkoa da gobernua eta oposizioa konbentzitzea prozesu politiko bat irekitzeko pausoak eman ditzaten", esan du Annanek. Hala ere, uste du Siria oraindik ere okerrenetik salba daitekeela, "baina nazioarteak behar duen lidergoa erakutsi behar du". Aitortu du berak ez duela laguntza guztia jaso. Bereziki, NBEko Segurtasun Kontseiluari (Txina, Errusia, AEB, Frantzia, Erresuma Batua) egin dio kritika.

Ban Ki-moonek esan du asko sentitzen duela hark erabaki hori hartu izana.

Annan otsailaren bukaeran izendatu zuten Siriarako ordezkari berezi, han "konponbide politiko bat" lortzeko. Haren su-eten plana indarrean jarri zen apirilean, baina ez du emaitza onik izan. NBEko idazkari nagusiak gaur aitortu du "indarkeria espiralak" segitu egiten duela Sirian.

Azkeneko hamazazpi hilabeteetan hamabi mila lagun inguru hil dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.