siria

Annanen plana onartu du Siriak

Gatazka gainditzeko asmoz sei puntuko idatzia aurkeztu zion NBEren eta Arabiar Ligaren ordezkari bereziak. Besteak beste, indarkeria geratzeko, atxilotuak askatzeko eta kanpoko giza laguntza onartzeko eskatu zion. Homs hirian izan da Baxar al-Assad presidentea, ingurua ikuskatzen.

2012ko martxoaren 27a
18:32
Entzun

Siriako Gobernuak Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren ordezkari bereziak gatazka gainditzeko asmoz aurkeztutako sei puntuko plana onartu duela jakinarazi du gaur Annanen bozeramaile Ahmad Fawzik. Besteak beste, indarkeria geratzeko eta etete hori NBEk gainbegiratzeko, gobernuaren kontrako protestetan atxilotutakoak askatzeko eta bertara bidalitako giza laguntza onartzeko eskatu dizkio Siriari.

Han izan zen lehengo astean Annan, Baxar al-Assad presidentearekin hizketan, eta orain Pekinen da, Txinaren babesa lortzeko helburuarekin.

Fawzik esan du NBEren eta Arabiar Ligaren ordezkari bereziak Al-Assadi idatzi berri diola, konpromisoa berehala gauza dezala eskatzeko. Nazio Batuen arabera, han gatazka hasi zenetik bederatzi mila lagun hil dira.

Nabil al-Arabi Arabiar Ligaren idazkari nagusiak nabarmendu du Annanen plana "Arabiar Ligak gidatutako plana" dela, eta jakinarazi du ez duela Siriako Gobernuaren erantzuna irakurri. "Soilik esan didate Siriaren erantzun positibo bat jaso dutela", gaineratu du.

Errusiako Gobernutik esan dute Annanen planak "arrakastarako aukera asko" dituela, agintariek eta oposizioak "behi-betiko su-etena" adosten badute. Hala esan du Aleksander Lukashevitx Errusiako Atzerri ministerioaren bozeramaileak. Hala ere, Lukashevitxek dio oposizioak ez duela "elkarrizketa hasteko" jarrera erakusten.

Al-Assad Homs hirian izan da

Baxar al-Assad Homs hirian egon da gaur, ingurua ikuskatzen. Bab Amro auzoa bisitatu du; hor izan dira gobernuko indarren eta oposizioaren arteko liskarretako asko.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.