Antolatutako krimenen eta udalen arteko lotura saihesteko neurriak sustatu nahi ditu Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak. Iragarri duenez, konstituzioa erreformatzea proposatuko du, eta horrek aukera emango dio gobernuari udal bat "desegiteko", beti ere udal horrek antolatutako krimenarekin lotura duela erakusten duten "nahikoa zantzu" badaude. Astelehenean Kongresura eramango du proposamena.
Gainera, udal mailako 1.800 polizia ordezkatzeko asmoa du; horien lekuan, "profesionalagoak eta fidagarriagoak" izango diren estatu mailako 32 polizia jarriko ditu. Urgentziazko neurri gisa, segurtasun operatibo bat jarriko du martxan Guerrero, Michoacan, Jalisco eta Tamaulipas estatuetan.
Horrela, erantzuna eman nahi dio irailaren 26an Igualan (Guerrero estatua) izandako 43 ikasleren desagerpenaren auziari. Horretan, Jose Luis Abarca Igualako alkatea eta haren emazte Maria de los Angeles Pineda atxilotu zituzten, ikasleen desagerpenarekin lotuta. Beste sei lagunen hilketa agintzea ere leporatzen diete.