Argentinako diktadurako errepresioaren ikur gogorrenetako bat hil da, Tucumango ospitalean, 85 urterekin, bihotzeko hutsegite kronikoaren ondorioz. Antonio Bussi jeneral ohiak bizi guztirakokartzela zigorra jaso zuen 2008an, 1976tik 1983ra bitarteko diktaduran egindako krimenengatik. Oraindik ere zabalik daude haren kontrako auzi gehiago, baina haren osasuna ahula zela eta, 2010ean jada ezkerreko bi militanteren bahiketa eta hilketarengatiko epaiketatik kanpo laga zuten. «Bere krimenak inoiz onartu ez dituen gizon bat hil da gaur [atzo], egindakoaz damu ez dena, eta, are gehiago, berriz ere egingo lukeela agindu zuena», adierazi du Estela de Carlottok, Maiatzeko Plazako Amonen presidenteak.
Argentinako diktadura militarreko ildo gogorrena ordezkatzen zuen Bussik. Tucuman probintziako gobernadorea izan zen 1976tik 1983ra bitartean, eta demokrazia garaian ere berriz ere kargu hori eduki zuen, 1995etik 1999ra. Armadako jeneralik gogorrenetakoa izan zen Bussi, Luciano Menendezekin batera —gizadiaren kontrako krimenengatik sei kondena jaso ditu Menendezek—. 2008an, hain zuzen, bizi guztirako kartzela zigorra jaso zuten biek, 1976an Tucumanen Guillermo Vargas Aignasse senatari peronista bahitu, torturatu eta hiltzeagatik. «Heriotza beti da mingarria, baina zigortutako diktadore bat hiltzen denean, Bussiren kasuan bezala, arindua da gizadiarentzat», idatzi du Facebooken Geronimo Vargasek, Guillermoren semeak.
Harrokeria eta atsekabea
Vargasen auzia zela eta, 2003an atxilotu zuten Bussi, Tucuman hirian alkate aukeratu eta gutxira. «Kasu hau ezin da 1970eko hamarkadako ezkerreko terroristen kontrako gerra testuingurutik kanpo epaitu», esan zuen orduan. Epailearen aurrean, egindakoaren harrotasuna eta bere osasun ahularen atsekabea uztartu izan ditu jeneral ohiak. Batetik, bere kontrako prozesuak zirela eta, «iraganean eraso marxista eta leninistaren kontrako gerra justua eta beharrezkoa galdutakoek jazarpen politikoa» egiten ziotelaazaldu zion epaileari. Bestetik, behin baino gehiagotan moztu zituen epaiketak «oxigeno gehiago» eskatuz, eta negarrez ere hasi zen behin baino sarriago. Haren kontrako epaiketa guztietara joan ziren giza eskubideen aldeko ekintzaileak, baina ez zituen hunkitu. Aitzitik, ekintzaileek sekulako haserrea hartu zuten epaileak, osasun arazoengatik, kartzela zigorra etxean betetzea onartu zionean.
Diktadura militarraren garaian funtzionarioak atxilotzekoezkutuko 30 zentro zuzendu zituen Tucumanen, Mendezen agindupean. Aste honetan, hain justu, Bussiren eta Mendezen kontrako beste prozesu bat hasi da Tucumanen, 1976an Carlos Aguirre eta Margarita Susana Azize Weiss bahitu eta hiltzeagatik. Baina bi jeneral ohiak prozesutik kanpo geratu dira hasieratik, haien osasun ahula dela eta.
Auzi ugari Justiziarekin
Diktadura militarra baino lehen ere botere postuetan egona zen Bussi. 1975ean armadaren Independentzia sistema operazio militarreko komandantea izan zen—ERP Herriaren Armada Iraultzailea gerrilla troskistaren kontra egin zuen—. Diktadura ostean, halaber, boterean jarraitu zuen: bigarrenez Tucumango gobernadore izan aurretik, diputatua izan zen, eta Indar Errepublikanoa eskuineko alderdia sortu zuen.
1990eko hamarkadaz geroztik hainbat arazo izan zituen Justiziarekin: Suitzako bankuetako kontuengatik, zergak saihesteagatik eta funtsen bidegabeko erabileragatik ikertu zuten. Gainera, diktadura garaian Tucumango atxilotze zentro batean egindako bortxaketengatik ere ikertu zuten. Jose Luis Bussi semeak, baina, aitaren irudia laudatu du: «Orain bakean dago. Seguru, denborarekin, Argentinako gizon handienen pare gogoratuko dutela aita».
Antonio Bussi jeneral ohia hil da, Argentinako diktaduraren ikurra
«Krimenak inoiz onartu ez dituen gizona» zendu dela nabarmendu du Maiatzeko Plazako Amonen presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu