Pertsonaia. François Bazaramba

Apaiz zigortua

mikel rodriguez
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Ruandako apaiz baptista bat zen François Bazaramba (Nyakizu, 1951) herrialde hartan 1994an gerra zibila lehertu zenean. Duela bi urte Finlandiako Porvoo barrutiko auzitegiak bizi guztirako espetxe zigorra paratu zion, tutsi etniako milaka lagunen hilketekin zerikusia izan zuelakoan, baina Bazarambak helegitea paratu zuen erabaki horren kontra. Orain, Finlandiako Helegite Auzitegiak berretsi du zigorra, ontzat jo baititu Porvookoak emandako arrazoiak. Dena den, Bazarambak errugabea dela dio, eta bere abokatuak jakinarazi du Auzitegi Gorenera joko dutela.

Bazaramba 2003an ailegatu zen Finlandiara, eta babes politikoa eskatu zuen. Eskaera, ordea, geldiarazi egin zuten Finlandiako agintariek Bazarambaren aurkako akusazioak jaso zituztenean. Iturri ofizialen arabera, herrialde horretako Poliziak bi urtez ikertu zuen apaiza, eta Ruandara ere bidaiatu zuen ehun lekuko inguru elkarrizketatzeko. Azkenik, 2007an atxilotu zuten, eta haren aurkako prozedura judiziala abiarazi. Izan ere, genozidio kasuetan «susmagarri» bat bere lurretan biziz gero, hura ikertzeko eta epaitzeko nazioarteko hitzarmenak sinatuta ditu Finlandiak. 2009an, Ruandaren estradizio eskaera ez zuen onartu, Bazarambak bere herrialdean bidezko epaiketa bat izateko gutxieneko baldintzak ez zituela izanen argudiatuta. Apaizaren abokatuak epaiketan salatu zuen bere bezeroaren aurkako akusazio gehienak tortura erabilita lortu zirela.

Bazarambari leporatutako sarraskia Ruanda iparraldeko Nyakizu hirian gertatu zen, 1994ko apirilean eta maiatzean. Hutu etniako milizianoek 5.000 tutsi inguru hil zituzten han. Finlandiako Justiziaren arabera, frogatuta dago Bazarambak hilketak egitera «bultzatu» zituela milizianoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.