Mohamed Ibrahim Barne ministroaren arabera, normaltasuna da nagusi presidentetzarako hauteskundeen lehen egunean eta parte hartze handia izaten ari da. "Orain arte ikusi dudanaren arabera, ezerk ez ditu beldurtuko egiptoarrak".
Europa Press agentziaren arabera, ordea, istiluak izan dira poliziaren eta Mohamed Mursi uztailean kargugabetutako presidentearen aldekoen artean, hainbat tokitan. Kerdasa herrian izan dira istiluak, ustez Mursiren aldekoak hautes eskola baterako sarbidea eragozten ari zirela. Zagazigeko Unibertsitatean, Niloko deltan, Mursiren aldeko zazpi ikasle atxilotu dituzte, elkarretaratze batean poliziaren eta armadaren aurka oihu egiteagatik. Agentziaren arabera, harriak bota dizkiete poliziei, eta horiek malko gasekin erantzun diete.
2013ko uztailean Mursi presidentea eta haren gobernua kargutik kendu, eta bere gain hartu zuen herrialdearen ardura Egiptoko armadak. Al-Sisi jeneralak hitzeman zuen orduan hauteskundeetara deitu eta ez zutela politikan esku hartuko; baina otsailean, bere karguari uko egin, eta presidente izateko kanpaina abiatu zuen Al-Sisik.
Mohamed Mursiren alderdi Anaia Musulmanak "erakunde terrorista" izendatu zituen gobernuak, eta ezingo dute hauteskundeetara aurkeztu. Anaia Musulmanek ez dute aitortu armadak kolpea eman osteko gobernua, eta, horregatik, boikoterako deia egin dute.
Bi hautagaiek goizean goiz eman dute botoa. Al-Sisik bozkalekuak ireki eta ordu erdi igaro aurretik eman du botoa, Heliopolis auzoan, Kairoren ekialdean. Sabahik, berriz, Mohandisin auzoan eman du botoa, hiriaren mendebaldean. "Itxaropena" duela adierazi dio prentsari, eta bere helburua "justizia soziala lortzea, demokrazia osasungarria eraikitzea eta herrialdearen administrazioa eraberritzea" dela esan du.
Gaur eta bihar egingo dira hauteskundeak, eta irabazten duena hauteskundeen bidez aukeratutako bigarren presidentea izango da —Mursi izan zen lehenengoa—.