Hegoafrikako askotariko gizartearen bizikidetza kolokan jarri du etorkinen ihesaldi ikaratuak. ANC Afrikar Kongresu Nazionaleko agintariek -boterean den alderdikoek- gogorarazi dute apartheid garaiko erbestealdian mundu osoan abegia jaso zutela, eta bereziki Zambia, Mozambike eta Zimbaweren babesean. Argudio horrekin Hegoafrikara bizimodu hobearen bila joandako etorkinentzat begirunea eskatu dute. Krisi ekonomikoak jotako gazte langabeentzat, ordea, behinolako bizipenak dira horiek. Politikarien ahotik etorkinek Hegoafrika oparotasunera eraman zutela entzuteak ere ez ditu gogobete. Txirotasunak eragindako ezinikusiak indarkeria xefonoboa kiskali dute azkenerako.
Loren Landau Johannesburgoko Unibertsitatean behartutako migrazioan aditua den irakaslearen hitzetan, iturburu ekonomikoa du indarkeriak. «Negozio lehia da funtsean. Hegoafrikarrek uste dute kanpotarrek taxien industria eta denda txikiena kontrolpean dutela hirietan». Gauteng lurraldeko gobernuak etorkinen ekarpena goraipatu du asteon, nolanahi ere. «Askok beren ahalmenak eta ezagutzak mahai gainean jarri dituzte Gautengeko ekonomia eta garapena bideratzeko, eta hala egiten jarraitzen dute». Zimbaweko etorkinak dira adibide gogoangarrienak.
Hegoafrikan babestu diren Zimbaweko immigranteak lanpostua kentzera doazen kanpotarrak direla uste dute belaunaldi berriek. Thabo Mbeki presidenteak ez du Robert Mugaberen erregimenari buruz hitz gogorrik erabili nahi, eta krisi politikoa denik ere ez du onartu. Zimbawetik joandakoak ez dituzte iheslari gisa aitortu, eta hor errotu da, hain zuzen ere, herritarren pobreziak gaiztotuta, indarkeria erein duen hazia. Izan ere, jatorri hori dute Hegoafrikan bizi diren immigrante gehienek, bost milioi inguru guztira. Morgan Tsvangirai Zimbaweko oposizioko buruzagia -Mugaberi presidentetzako hauteskundeen lehenengo itzulian irabazi egin dio- Alexandran bildu da indarkeriaren biktimekin: «Gure aberrian dena ongi joango balitz, ez genuke hemen egoteko beharrik. Espero dut guk gure arazoa konpondu ahalko dugula».
TXIROTASUNAREN BIKTIMAK.Krisialdia azaltzeko, hainbat faktoreren batura ematen dute adituek. Hasteko, finantza sektore indartsuak eta turismoaren etorrerak ez dute ekidin herritarren pobrezia larria. Horrez gain, gatazkan emandako hamarkada askotako hondamena pairatzen jarraitzen du gizarteak. Hezkuntza ezak atzerritarren aurkako bekaizkeria handitu duela diote adituek. Areago, presidentearen hurbilekoek aditzera eman dute indarkeria IFP Inkhata Askatasunaren Alderdiak sustatu duela. ANC eta IPF alderdien arteko auziak borroka odoltsuak eragin zituen 1990ean. Presidentetzaren aholkulari batek, bestalde, eskuin muturrari leporatu dio erasoaldia.
IRR arrazen arteko harremanak aztertzen dituen erakundearen arabera, Gobernuarena da erantzukizuna. Elkarte independente horrek salatu du agintariak ez direla gai izan segurtasuna ziurtatzeko, ustelkeria borrokatzeko, lanpostuak eta bizileku duinak sortzeko eta migrazioa kudeatzeko. Mbekiren azken erronka izango da, 2009an agintea utzi behar duelako. Apartheid garaitik lehen aldiz armada atera behar izan du kalera presidenteak.
'Apartheid'-aren oroipen
Hegoafrikarrak immigranteei oldartu zaizkie, nahiz eta inguruko herrialdeek historian barrena abegi ona egin dieten erbestera ihesi joan direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu