Apirilean epaituko dute Berlusconi 'Ruby auziagatik', Milanen

Boterea gehiegikeriaz erabili eta adingabeak prostituziora bultzatzea leporatu diote Italiako lehen ministroari

mikel rodriguez
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Iragan urtarrilaren 13tik, Italiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuenetik Silvio Berlusconi lehen ministroari immunitate osoa ematen dion araua «partzialki Konstituzioaren kontrakoa» dela, agintariaren inguruko uztarria estutu du herrialdeko Justiziak. Milango Auzitegiko Cristina di Censo magistratuak Berlusconiren aurkako epaiketa «berehala» hasteko ebatzi du, Ruby kasuagatik. Adingabeak prostituziora bultzatzea eta boterea gehiegikeriaz erabiltzea dira lehen ministroaren aurkako akusazioak. Heldu den apirilaren 6an hasiko da epaiketa. Horren aitzinetik, Mediaset eta Mills kasuen epaiketak hasiko dira, eta Mediatrade kasuagatik ere Berlusconi auzitara eramanen duten aztertu beharko dute epaileek.

Di Censok ez ditu ontzat jo Berlusconiren defentsaren argudioak, eta delituen froga nabarmenak daudela ebatzi du. Milango Fiskaltzak lehen ministroaren inguruan egindako ikerketa zilegi dela ere erabaki du epaileak.

Berlusconik Arcoreko etxean (Milandik hurbil) egin zituen hainbat festatan Karima el Mahrug Ruby 17 urteko neska egon zelakoan oinarritzen da adingabeak prostituziora bultzatzeko akusazioa. Milango Fiskaltzaren ustez, Berlusconik sexu harremanak izan zituen neskarekin. Italiako zigor kodearen arabera, sei hilabete eta hiru urte arteko espetxe zigorra ezar daiteke.

Bertze akusazioa, boterea gehiegikeriaz erabiltzea, Berlusconik polizia etxe batera eginiko deian oinarritzen da. 2010eko maiatzaren 27an Milanen atxilotu zuten El Mahrug, lapurreta egin zuelakoan. Fiskaltzaren arabera, Berlusconik polizia etxera deitu zuen neska askatu eta Lombardiako kontseilari Nicole Minettiren esku utz zezaten eskatzeko. El Mahrug Egiptoko orduko presidente Hosni Mubaraken iloba zela erran zien Berlusconik poliziei, akusazioak dioenez. Boterea gehiegikeriaz erabiltzeagatik lau eta hamabi urte arteko zigorra ezar daiteke Italian.

Dimisiorik ez

Epaiketa eginen dela jakin bezain laster, ez zutela «bertze deus» espero adierazi du Berlusconiren abokatu Piero Longok. Haren bezeroa epaituko duten hiru epaileak emakumeak direla jakinda, kutsu sexistako adierazpenak egin ditu Longok. «Mills kasuan ere hiru emakume eduki genituen. Bikain. Emakumeak beti dira estimatuak, eta batzuetan atseginak ere bai».

Oposizioko alderdiek, berriz, Berlusconiren dimisioa eskatu dute bertze behin. PD Alderdi Demokratako idazkari Pier Luigi Bersanik egoera «jasangaitza» dela adierazi du. Haren alderdikide Dario Franceschini diputatuak erran du Berlusconik «munduko edozein tokitako» politikariek bezala jokatu behar lukeela eta dimisioa eman. Justizia ministro Antonio Alfanok erran du, ordea, Berlusconik ez duela dimisioa emanen, eta haren errugabetasun printzipioa errespetatzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.