Arabiar Ligak behatzaileen taldea handituko du Sirian

Orain 165 ditu, eta 200 izan daitezen nahi du, hiri gehiago ikusteko; hilaren 19an bukatuko du misioa

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Siriara behatzaile gehiago bidaltzea erabaki du Arabiar Ligak, hiri gehiago bisitatu ahal izateko. Erakundeak 165 behatzaile ditu han, eta 200 izan daitezen nahi du. Behatzaileen bulego nagusiko presidente Adnan al-Khodeirrek adierazi duenez, bertzeak bertze Alepora (Siriako bigarren hiria), Deir-ez-Zorrera (ekialdean), eta Qamixlira (Kurdistanen) ailegatuko da Arabiar Ligako misioa. Erakundeak proposatutako bakerako plana Damaskok nola aplikatzen duen aztertzea dute helburu behatzaileek. «Herrialde arabiarrek behar bertze gaitasun eta trebetasun dute misioak bere helburua bete dezan lortzeko», aldarrikatu du Al Khodeirrek.

Arabiar Ligaren planaren arabera, Baxar al-Assaden erregimenak tropak hirietatik erretiratu behar ditu, soldaduek manifestazioak erasotzeari utzi behar diote, eta martxoan matxinada hasi zenetik protestetan atxilotutakoak askatu behar ditu. Behatzaileak iragan abenduaren 22an ailegatu ziren Siriara, eta misioa hil honen 19ra arte luzatzea erabaki dute. Txosten bat kaleratu dute oraingoz, eta indarkeria ez dela eten egiaztatu dute bertan. Oposizioko taldeek diotenez, baina, erregimenak errepresioaren tamaina ezkutatu die behatzaileei. Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, estatuko indarrek hogei lagun hil zituzten atzo, gehienak erdialdeko Homs hirian.

Batasunerako deia

Bertzetik, Arabiar Ligak bat egiteko eskatu die Siriako oposizioko bi adar nagusiei. SNC Siriako Kontseilu Nazionala eta NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordea dira plataforma horiek. Nabil al-Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusia NCCko kideekin bildu zen atzo Kairon. Nazioarteko erakundeak konferentzia bat egin nahi du bi taldeekin.

SNC Turkian eratu zen, eta Mendebaldeko hedabideetan oihartzun handiagoa du. Siriako Armada Librea militar desertoreen taldearekin harremana du. NCC ezkerreko alderdiek osatzen dute, eta Sirian bertan jarduten du gehienbat. Atzerriko esku hartze militarren aurka dago erabat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.