Arabiar Ligak boterea uzteko eskatu dio Siriako presidenteari

Trukean segurtasuna bermatuko diola hitzeman dio erakundeak; oposizioari, aldiz, trantsizio gobernu bat eratzea galdegin dioDamaskok ez ditu arma kimikoak erabiliko, «nazioartetik erasorik egiten ez badiote»

2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Arabiar Ligak boterea uzteko eskatu dio Baxar al-Assad Siriako presidenteari, «indarkeria eteteko eta trantsizio politikoa martxan jarri ahal izateko». Qatarko lehen ministro eta atzerri gaietarako buru Hamad Bin Jassim al-Zanik azaldu duenez, lehenengo aldia da erakundeak «argi eta garbi» eskaera hori egiten diola. Arabiar Ligako kide guztiak bat datoz «dimisioaren beharraz», eta trukean bere eta bere familiaren segurtasuna bermatzea eskaini diote Al-Assadi. Proposamenak, ordea, ez du harrera beroa jaso Damaskon, eta Siriako Atzerri ministro Jihad al-Maqdisik herrialdeko barne arazoetan esku hartu nahi izatea egotzi dio Arabiar Ligari.

Oposizioari, berriz, trantsizioa gidatzeko gobernu bat eratzeko eskatu dio erakundeak, eta Siriako Armada Askeak bertan parte hartzea proposatu du. Hori horrela, Kofi Annan Arabiar Ligaren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen mandatari bereziaren bake plana moldatu egin behar dela adierazi du Al-Zanik, «trantsizio garaira egokitzeko». Indarkeria mota oro geldiaraztea eta herrialdeko talde guztien artean prozesu politiko bat abiaraztea biltzen du planak, besteak beste. Qatarko lehen ministroak ziurtzat jo du presidenteak «erabaki ausarta» hartuko duela. «Al-Assaden dimisioa erabaki ausarta izango da, eta ez ihesaldi bat. Ez da beharrezkoa herrialde bat erretzea pertsona batengatik edo gutxi batzuengatik».

Bestalde, NBEren Batzar Nagusian ezohiko bilera antolatzeko eskatu du Arabiar Ligak, gatazka gainditzeko neurri kolektiboak hartu ahal izateko. Besteak beste, Siriarekin harreman diplomatiko guztiak etetea proposatu du. Segurtasun Kontseiluaren langa saihestu nahi du erakunde arabiarrak. Izan ere, bertan Errusiak eta Txinak atzera bota dituzte Siriari zigorrak jartzea biltzen zuten ebazpenak. Esku hartze militarrari bidea itxi nahi diotela azaldu dute Moskuk eta Pekinek, eta ez dutela nahi Libian gertatutakoa errepikatzea.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak, hain justu, ez du uste Siriako arazoa agintariena soilik denik. «Egungo agintariak modu antikonstituzionalean baztertzen badituzte, baliteke gerra zibila luzatzea», ohartarazi du. Gobernuak eta oposizioak negoziazio mahaian eseri behar dutela gaineratu du.

Arma kimiko eta biologikoak

Azken egunotako zurrumurruak baieztatu, eta arma kimikoak eta biologikoak dituela aitortu du Damaskok, baina adierazi du «egungo krisian» ez dituela erabiliko, nazioartetik erasorik egiten ez badiote behintzat.

Azken egunotan Israelek eta AEBek kezka adierazi dute Siriako arma kimikoen inguruan. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak igandean adierazi zuen gatazka dela-eta arma horien gordetegiak zaintzarik gabe egon daitezkeela, eta Hezbollahen esku geratu. Al-Maqdisi Siriako Atzerri ministroak jakinarazi duenez, baina, armadaren zaintzapean daude arma kimikoak eta biologikoak.

Horrez gain, Damaskok adierazi du balitekeela nazioarteak «talde terroristei» arma ez-konbentzionalak ematea, «Siriako sistema politikoari kalte egiteko helburuarekin». Gobernuak esan du bonbak edo minak nonbait lehertu eta gero armadari horren erantzukizuna leporatuko diotela.

Bestalde, Ali Larijani Irango Legebiltzarreko presidenteak ohartarazi du NBEko Segurtasun Kontseiluaren onespenik gabe Sirian militarki esku hartzeak «oso kostu altua» izango duela. Izan ere, Susan Rice AEBen NBEko ordezkariak iragan astean esan zuen asmoa dutela Segurtasun Kontseilutik kanpoko kideekinAl-Assad gehiago estutzeko. Esku hartze militarrak gatazka gogortu besterik ez du egingo, Larijaniren ustez.

Washingtonen jarrera gogor kritikatu du Teheranek, esanez AEBentzat ekintza «terrorista» guztiak ez direla txarrak. Iragan asteazkenean, Al-Assaden gobernuko defentsako kupulako lau goi kargudun hil zituzten, eta atentatuaren aurrean jarrera zuria izatea leporatu die AEBei. «Damaskoko hilketak beren nahiekin bat zetozenez, onak dira», gaitzetsi du Larijanik. Gatazka konpontzeko, elkarrizketaren bidea hobetsi du Irango Legebiltzarreko presidenteak.

Borrokak hirietan

Damaskon, borrokan jarraitzen dute Halaben armadaren eta Siriako Armada Askearen artean. Hiriburuan Al-Assaden indarrek hainbat auzo bonbardatu dituztela salatu du oposizioak. Halaben, berriz, borroketan hiru tanke suntsitu dituztela kontatu dute oposizioko taldeek, eta armadaren erasoaldietan dozenaka lagun hil direla.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eta Ilargi Gorriak jakinarazi dutenez, milaka herritarrek inguruko herrialdeetara jo dute azken egunotan borroketatik ihesi. Irakeko lehen ministro Nuri al-Malikik Siriako errefuxiatuak Iraken geratzea onartu du, eta laguntza eskaini die. Iragan ostiralean, hain justu, Bagdadek adierazi zuen ez zela gai errefuxiatuak jasotzeko. Horrek haserrea eragin zuen herritarren artean, 2003an Irakeko gerra hasi zenean Siriak utzi baitzien irakiarrei herrialdean sartzen eta geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.