siria

Arabiar Ligako behatzaileak Himsera heldu aurretik beste hiru lagun hil ditu han Siriak

Herrialdeko krisiak gehien eragin duen hiria da. Arabiar Ligak "errepresioa" geratzeko eskatua dio Bashar al Assad Siriako presidenteari.

Berria.info eta Amagoia Mujika
2011ko abenduaren 27a
10:50
Entzun

Gaur heldu dira Himsena (Siria) Arabiar Ligako behatzaileak, erregimenaren eta protestagileen arteko borrokek sortutako egoera nolakoa den aztertzeko. Hamabi lagun iritsi dira, Mohamed Ahmed Mustafa Sudango jenerala dela buru. Haiek hara ailegatu aurretik, Siriak beste hiru lagun hil ditu Himsen. Atzo, hogei. Hain zuzen, Hims da orain arte krisia hasi zenetik horrek eragin handiena izan duen hiria.

Arabiar Ligak "errepresioa" geratzeko eskatua dio Bashar al Assad Siriako presidenteari. Dena dela, haren gisa honetako lehen misioa da, eta Europako Batasunak eta AEBek eskatua diote arriskutsua izanagatik ere ez uzteko bertan behera, egoera hobetzeko aukera gutxietakoa izan daitekeelako.

Erakundeak bere izaera eta eragina indartzeko helburua dauka, eta baita bitartekari izatea ere gobernuaren eta Mendebaldearen artean. Hilabetean egongo da erakundea Sirian, eta behar izanez gero, gehiago. Himsez gain, Daraa, Idlib, Alepo eta Hama ere bisitatuko dituzte. Egunero iristen dira handik hildakoen albisteak, baina baieztatu ezin diren iturrietatik. 

Plan konplexua

Arabiar Ligaren plana aurrera ateratzea, baina, lan nekeza izango da. Erregimenak bere konpromisoak bete beharko dituela alde batera utzita, oposizioaren jarrerak baldintzatuko du plana. Mendebaldean ezagun egin da Turkian eratutako Siriako Kontseilu Nazionala, baina oposizioa erakunde hori baino pluralagoa da. Beste talde nagusia Damaskon sortutako Koordinazio Nazionalerako Batzordea da, nagusiki ezkerreko alderdiek osatua.

Bi erakundeak ez datoz bat oinarrizko gaietan: erregimenarekiko elkarrizketari eta nazioartearen esku hartzeari dagozkienetan. Kontseilu Nazionala hasieratik agertu da elkarrizketaren aurka, eta Al Assadek agintea uztea ezinbestekotzat jarri du. Hala ere, ekimenari alde ona ikusten dio: Damaskok plana onartuta, oposizioa badela onartzen duelako.

Koordinaziorako Batzorde Nazionalak, berriz, elkarrizketa onartzeko hainbat baldintza jarri ditu: armada kaletik ateratzea, manifestarien aurkako erasoak etetea eta preso politikoak askatzea. Hain zuzen, Arabiar Ligaren planak bildutakoak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.