Bihar arte du Siriak indarkeria eten eta Arabiar Ligaren planean onartu zituen baldintzak betetzeko. Hori egin ezean, 22 herrialde arabiarrek osaturiko erakundeak neurri ekonomiko eta politikoak hartuko ditu haren aurka, eta dagoeneko onartutako erabakia berretsi egingo du: Siria Arabiar Ligatik kanporatzea. Horren inguruan, baina, ezohiko bilera bat egiteko eskaera egin dio Damaskok, era anonimoan egin badu ere, eta herrialdearen egoera aztertzeko eskatu dio, kanporatu aurretik.
Siriak iragan azaroaren 2an onartu zuen Arabiar Ligaren bide orria, eta, horrekin batera, herritarren aurkako errepresioa uzteko, atxilotuak askatzeko, oposizioarekin ados jartzeko eta nazioarteko behatzaileei herrialdean sartzeko konpromisoak hartu zituen. Horiek, ordea, ez ditu erabat bete orain arte, eta erakundeak neurriak hartu ditu, hitzarmena bete dezan.
Nazioarteak, oro har, begi onez ikusi du erabakia. Europako Batasunak, batetik, Bashar al Assaden gobernuko hemezortzi kideren Europako bankuetako kontuak blokeatu ditu. Frantziak, bestalde, herritarrak babesteko bideak bilatzeko eskatu dio Siriari, eta Txinak, bake planarekin jarraitzeko. Turkiak, halaber, Siriako diplomazia misioek eginiko erasoak gaitzesteko eskatu dio Damaskori. Errusia, ordea, neurriaren aurka azaldu da, eta erabakia aurrez pentsaturik zegoela salatu du.
Arabiar Ligatik kanporatu ostean, ezohiko bilera eskatu du Siriak
Erakunde arabiarrak bihar erabakiko du aurreikusitako zigor ekonomikoak indarrean jarri ala ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu