Bigarren ahaleginean ere huts egin du Pere Aragones Kataluniako presidente izendatzeko inbestidura saioak. Lau egunetan ez dira desagertu JxC Junts per Catalunyaren eta ERC Esquerra Republicanaren arteko desadostasunak, eta joan den ostiraleko emaitza berbera izan da gaurko bozketan: aldeko 44 boto (ERC eta CUP), aurkako 61 (PSC, Vox, En Comu Podem, Ciutadans eta PP), eta 32 abstentzio (JxC). Ondorioz, ERCko hautagaiak ez du presidente izateko adinako babesik lortu, eta JxCrekin negoziatzen segitu beharko du. Maiatzaren 26ra arteko epea izango du, eta, ordurako akordiorik ez badago, hauteskundeak egingo dira berriz.
Bi alderdi independentista nagusien arteko desadostasunen iturri nagusia zein den ageriago utzi du gaurko saioak. Independentismoaren lidergoa lortzeko ERCren asmoak talka egiten du etengabe JxC Junts per Catalunyarenarekin. «Gehiengo gaindiezin bat» eratzeko deia egin du Aragonesek, eta horretarako estrategiak koordinatu behar direla nabarmendu du: «Horrek espazio guztiak aitortu behar ditu, baita erbestea ere, baina Kataluniako instituzioak balioa eman behar die, gobernuak eta presidenteak ordezkatu ezineko erantzukizuna baitute». Errepublikaren Kontseiluaren zereginari erreferentzia eginez egin ditu adierazpenok Aragonesek, hain justu ikusmolde desberdinak baitituzte horren inguruan. Prozesu independentistaren gidaritza erakunde horrek izatea nahi du JxCk, eta Generalitatea egunean eguneko kudeaketan zentratzea. «Ordezkaritzarik eta tutoretzarik gabe» gobernatu nahi duela nabarmendu du Aragonesek, ordea. Gertuko gobernantza bat egitearen beharra azpimarratu du: «Gure herrialdearen zerbitzura egotea da helburua, beharrei erantzutea, desparekotasunak borrokatzea, herritarren bizi baldintzak hobetzea, aberastasuna sortzea eta zazpi milioi eta erdi katalanen behar sozialez arduratzea».
Hari erantzunez, Gemma Geis JxCko parlamentariak ziurtatu dio inork ez diola «erbestetik tutoretzarik inposatuko», iradokiz hori ez dela arazoa izango ados jartzeko: «Hasiera-hasieratik dakizu guk egindako proposamenak nahiko argi zioela zure presidentzia eta gobernantza tutoretzapeko zuzendaritzatik kanpo geratuko direla». Are, presidentetzarako hautagaiari eskatu dio «ez nahasteko hautesleak» gai horren inguruan. Akordio estrategiko bat nahi dutela azaldu du, erbestea eta gatazkaren nazioartekotzea aintzat hartuko dituena. «Gobernu programa bat izan eta gobernuaren barneko erantzukizunak banatu arte» ezingo dutela inbestitu azaldu du: «Gure konfiantza dauka, baina presidentetzak norabide argia izatea beharrezkoa da», erantsi du. Bi hilabeteko epea izango dute ados jartzeko, baina epe hori baino lehenago egitea espero dutela adierazi du Geisek, eta baztertu egin du beste hautagairen bat babestea nahiz hauteskundeak errepikatzea.
Hala ere, ERCren eta CUPen akordiora gerturatu eta berehala, pauso bat atzera egin du berriz ere, esanez bere alderdia «urrun» sentitzen dela «CUPekin adostutako herrialde proiektutik». Adostutakoaren mugez aritu zen CUP bera ere, baina pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko lehenbailehen gobernu bat martxan izatea beharrezkoa dela nabarmendu du Eulalia Reguant parlamentariak. Baiezkoak prozesua «amaitzen jarraitzea» eta herritarrei «alternatiba bat ematea» esan nahi duela adierazi du. Halaber, Juntsi leporatu zion batasuna «arma gisa erabiltzea».
Belgikara begira besteak ere
Alderdi independentisten adierazpenak soilik ez ditu busti Errepublikaren Kontseiluaren eta independentismoaren barneko lidergoaren gaiak. Salvador Illa PSCko diputatuak Aragonesi ohartarazi dio erakunde horren eta Carles Puigdemonten «bikario» bihurtzeko arriskua duela. «Zer gehiago gertatu behar da antisistemek eta Waterlook bahituta egoteari uzteko?» galdetu dio. «Gezur handi bat errepikatzen» saiatzea leporatu dio Illak, eta alboratzeko eskatu, hark bere lekua hartzeko. JxCtik aldentzeko eskatu dio En Comu Podemeko diputatu Jessica Albiachek ere, Errepublikaren Kontseiluaren menpe egoteari uzteko. Erakunde hori pribatua dela eta dirua bertara bideratu dela salatu du. Bestelako gehiengo bat eratzeko deia egin du: «Generalitate berri bat eratu dezakegu iraganeko esperientzietatik ikasita».
Ciutadanseko Carlos Carrizosak ere mintzagai izan du Errepublikaren Kontseilua. «Bost axola zait niri Errepublikaren Kontseiluak», adierazi du. Haren arabera, independentismoak ez daki zer egin, eta «Waterloon gobernu paralelo bat» sortu nahi du.