Kataluniako mossoek Fiskaltzari jakinarazi diotenez, gobernuak ez du eman atzo parte hartu zuten boluntarioen izen-abizenik, eta bere gain hartu ditu lokal publikoak galdeketa egiteko erabili izanak ekar ditzakeen ondorioak. Zehazki, lokal horiek ireki zituztenak identifikatzeko eskatu zien Fiskaltzak mossoei, eta horiek eskaera Generalitateari egin zioten.
Joana Ortega presidenteordeak, baina, idatziz erantzun die, eta esan du ez dagoela izen-abizen horiek emateko moduan, areto bakoitzera sartzeko baldintzak ezezagunak zaizkiela argudiatuta, Efe albiste agentziak azaldu duenez. Generalitateak larunbatean ere garbi utzi zuen ardura berea zela, eta Artur Mas presidenteak ere atzo garbi utzi zuen telebista saio batean: "Arduraduna ni naiz".
Fiskaltzaren ikerketa
Atzoko galdeketan normaltasuna nabaria izan bazen ere, Kataluniako Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak, Espainiako Estatuko fiskalak eskatuta, ikerketa abiatu zuen, prozesuan deliturik izan ote zen argitzeko. Hain zuzen ere, galdeketaren antolatzaileek desobedientzia, prebarikazioa eta diruaren bidegabeko erabilera egin ote duten argitu nahi du justiziak.
Gaur, Kataluniako Fiskaltza Nagusiari gutuna bidali dio Generalitateak, atzoko galdeketarako lokal publikoak ireki izanaren erantzukizuna bere gain hartuz. Edonola ere, ez dute arduradunen izen-abizen zehatzik eman, Ortega presidenteordeak jakinarazi duenez ez daudelako horretarako "baldintzak".
Hiru salaketa
Atzo goizean, bozkalekuak irekitzearekin batera jaso zituen Gonzalo de Dios Bartzelonako guardiako epaileak prozesuaren aurkako hiru salaketa: PPko zinegotzi batena, Plataforma per Catalunyarena eta UPDrena. Azken horrek, bozkalekuak husteko eta bitarteko materiala konfiskatzeko ez ezik, Artur Mas Generalitateko presidentea eta haren gobernuko bi kontseilari atxilotzeko ere eskatu zuen.
Katalunia osoko guardiako epaitegiek bere egin zuten aurretiko neurririk ez hartzeko fiskalen irizpidea, bozkalekuak ixtea "neurrigabea" zelakoan. Edonola, ikerketa abiatu du Fiskaltzak, "autoritate eta funtzionarioek" galdeketa antolatzerakoan deliturik egin ote duten argitzeko.
PP, ardura eske
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak jakinarazi du atzoko prozesua "legalitatetik aparte" egin zela eta Espainiako Gobernuak "horren arabera jardungo" duela. Zentzu berean, galdeketak "baliorik eta fidagarritasunik" ez duela adierazi du. Esteban Gonzalez Pons PPko eurodiputatuak, bestalde, esan du Masek gaur Fiskaltzaren gutuna jasotzea espero duela. Gonzalez Ponsek salatu du generalitateak "manifestazio politiko bat" egiteko diru publikoa erabili duela, eta Masek justiziaren aurrean deklaratu beharko lukeela adierazi du. Masek atzo bere egin zuen galdeketaren erantzukizuna.
Francesc Homs Kataluniako Gobernuko bozeramaileak, bere aldetik, esan du Espainaiko Gobernutik datozen "mehatxu guztien" aurrean geroz eta "axolagabeago" dagoela. Era berean, Madrilgo "mehatxu eta mespretxu etengabeak" salatu ditu. Eta gaineratu du "inola ere" ez duela irudikatzen Generalitateko kideei kargua betetzeko gaitasuna kentzeko aukera.