Argentinak NBEn salatuko du Malvinetako militarizazioa

Erresuma Batuak uharteetako natur baliabideak ustiatu nahi ditu Cristina Fernandezen esanetan

Erredakzioa
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Argentinak Malvinak aldarrikatzeko borrokari ekin dio berriz ere. Erresuma Batuak barku militarrak bidali ditu uharteetara, eta, hori dela eta, Cristina Fernandez Argentinako presidenteak Malvinetako Erresuma Batuaren militarizazioa salatu du NBE Nazio Batuen Erakundean.

Uharteetan «harrapari lanetan» aritzea leporatu dio Fernandezek Erresuma Batuari. Malvinak lur aberatsak dira, ustiatu gabeko natur baliabide ugari dituztelako; esate baterako, hidrokarburoak eta arrantza. Gainera, petrolio hobiak egon daitezkeela uste du Erresuma Batuak. Horrekin batera, Malvinak leku estrategikoa dira Atlantikoko hegoaldea eta Antartikako lurrak kontrolatzeko. 1959ko Antartikako Hitzarmenaren arabera, lur horiek ezin dira ukitu, baina lurrazaleko gas iturriak ustiatzeko aukera aztertzen ari dira.

Hegoa eskuratzeko borroka

Malvinak Argentinako itsasertzetik 800 kilometrora daude, eta Erresuma Batutik, berriz, 13.000 kilometrora. Erresuma Batuak 1833an kolonizatu zituen; 1982an Argentinak bereganatzeko gerra hasi zuen arren, baina Erresuma Batuak irabazi zuen borroka.

Uharteetako biztanleak britainiarrak dira, baina Argentinak ez du onartzen Malvinak britainiarrak direnik, eta NBEri sarritan eskatu dio irlak emateko. Fernandezen esanetan, Argentinak badaki baloratzen irletako natur baliabideen garrantzia, eta Erresuma Batuaren eskuetan arriskuan daudela uste du. Brasilek eta Txilek bat egin dute Argentinaren eskaerarekin, eta Brasilek adierazi du Amazoniagatik beldur dela, Erresuma Batua bertan sar daitekeelako.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.