2007an, Santa Feko gobernadore aukeratu zuten Hermes Binner (Santa Fe, 1943). Politikaria ezezik medikua ere baden aldetik, osasun arloak kezka berezia eragiten dio, besteak beste abortuak, bozotako kanpainako gai nagusietakoak. Abortua legeztatzearen alde dago, baina, batez ere, uste du hezkuntzan eta garapenean egin behar direla inbertsioak nahi ez diren haurdunaldiak saihesteko. Kanpainan ezustekoa eman du: inork espero izan gabe ere, inkestek bigarren tokian kokatzen dute, Cristina Fernandez egungo presidentearengandik urrun, hala ere. Alderdi Sozialistako kidea da, eta FAP Fronte Zabal Progresista koalizioaren buru.
Inkestek garaipen garbia iragartzen dute Cristina Fernandezentzat, bigarren itzulia behar ez izateraino. Hori kontuan hartuta, nola bideratu du kanpaina FAPek?
Gobernu bilakatzeko bokazioarekin aurkeztu gara. Hori da gure asmoa. Gobernura iristen bagara, programa betetzea da gure konpromisoa. Hala egin dugu Rosarioko alkatetza lortu genuenean, baita Santa Feko gobernuan ere. Hori da politikan hain ahuldua dagoen sinesgarritasuna berreskuratzeko modurik onena.
Zein balorazio egiten duzu Cristina Fernandezen agintaldiaz? Zein lorpen eta zein gabezia ditu egungo gobernuak?
Aipatzeko moduko lorpenak badaude. Haur bakoitzeko diru laguntza unibertsala, zientzia eta teknologian izan den aurrerakuntza, eta pasaportea nahiz nortasun agiria eskuratzeko lanak arindu izana, esaterako. Aurrerapauso interesgarriak iruditzen zaizkit. Aldiz, egun Argentinak pairatzen duen inflazioa ez da luzaroan jasateko modukoa. Gure ekonomiaren oinarria inflazioa izatea ez dugu gustuko. Gainera, digitu bakarreko inflazioa duten herrialdez inguraturik gaude.
Zertan oinarritzen da FAPen proposamena?
Hiru gai garrantzitsu ditugu: lehenik eta behin, ekoizpena; bestetik, politika sozialak, eta, azkenik, segurtasuna. Programa ona daukagu, eta gobernatu dugun lekuetan bete dugu. Gainera, gure ibilbidean ez dago ustelkeriarik, eta gobernua gardena izatea gure lehentasunetako bat da, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Talde ona dugu, langilea eta eraginkorra, eta Fernandezen gobernuarekin identifikatzen ez den jendea erakartzen dugu.
Ekonomia eta haren inflazioa aipatu dira kanpainan. Zein neurri proposatzen dituzu?
Ekoizpena sustatzeko, maileguak behar dira. Enpresariak eta langileak mahai batean elkartu, ados jar daitezen. Kanpoan saldu behar dugu; lehiakortasuna hobe dadin, ekoizleak motibatu behar dira, eta gobernuak lagun diezaiela merkatua handitzen. Hiru urte beharko dira, gutxienez, inflazioa digitu bakarrera murrizteko.
Nekazaritzari esker, asko jaitsi da langabeen kopurua.Zein eredu bultzatu nahi du FAPek lana sortzeko?
Lehengaien industrializazioan oinarritutako ekoizpen eredua defendatzen dugu, lehengaiak aurkitzen diren tokietan bertan. Jendea bizi den lekuan bertan lanpostuak sortzea da asmoa. Estatuak ospitaleak, hezkuntza zentroak, Internet eta garapenerako behar diren instalazioak eraman behar ditu eskualde horietara. Estatuak ez du ekoitzi behar; ez du artorik landatu behar, ezta animaliarik hazi ere. Inbertsiogileek konfiantza izan dezaten, joko arau garbiak ezarri behar ditu; zerbitzuak eskaini, lanpostuak sortuko dituzten sektoreei laguntzeko.
Lurraren errespetua eta gaitasuna aintzat hartuko dituen nekazaritza nahi duzu, baina, era berean, presidenteak 2020rako 20 milioi tonahanditu nahi du sojaren ekoizpena, besteak beste, eta horrekin ados zaude.Bateragarriak al dira?
Espainiako Gobernuarekin akordioa sinatua dugu soja hazi berrien garapenerako. Lur erdi-lehorretan eta hezetasun gutxirekin hazi daitezkeen haziak garatu nahi ditugu. Ekoizpena handitzeko bidean gaude. Ez dakit planaren helburuetara iristeko gai izango garen, baina panpa hezeko emankortasuna ez duten lurrak landatzeko moduan izango gara, teknologiari esker.
Basoak soiltzea, nekazari familiak kanporatzea eta biztanleak produktu agrokimikoz kutsatzea dakar ekoizpenak. Plana betetzeak ez al du ezinbestean ekarriko arazo horiek larritzea?
Biztanleria babestu egin behar da. Agrokimikoz egiten diren fumigatzeek gutxieneko distantzia bete behar dute, 1.500 metro inguru. Gainera, etorkizunean hazien bilakaera genetikoaren ondorioz, ez dugu agrokimikorik erabili beharko. Baliabide naturalen ustiapen arrazionala defendatzen dugu. Izaera babeslea eta ekologista biltzen du FAPek.
Krisia dela eta, Latinoamerikaren integrazio prozesua bizkortzeko eskatzen duten ahotsak ugaldu egin dira kontinenteko gobernuburuen artean. Argentinak zer egin beharko luke, zure ustez?
Bi egoera bereizi behar dira: batetik, iparraldeko Latinoamerika eta, bestetik, hegoaldeko Latinoamerika. AEB Ameriketako Estatu Batueduten arazoa modu zuzenean nabaritzen da Mexikon eta Erdialdeko Amerikan, oraindik AEBen menpeko baita haien ekonomia. Hego Amerikan, aldiz, Europarekin dugun harremana da garrantzitsuena, eta, gaur Europak duen egoeraren ondorioz, ez du hainbesteko presio ahalmenik. Beraz, hazkunderako aukera bikaina dugu.
Argentinak ekonomia hazkundeari eutsi dio azken urteetan. Herritar gehienengan, ordea, hazkunde hori ez da neurri bereanislatzen ari.
Argentinaren arazoa ez da ekonomikoa, politikoa baizik. Ez dugu pentsatu nahi zenbateko irabazia lortuko genukeen honen laguna edo harena izanez gero, edo haren etsai bihurtuz gero. Gizarteko sektoreek parte har dezaten nahi dugu, nolako herrialdea eraiki nahi dugun erabakitzeko. Beharrezkoa da, batez ere, ogasun erreforma. Zerga sistema justua demokraziaren oinarria da. Cristina Fernandezek bere inguruan eratu du boterea; politika bera da, eta horrek ustelkeria eta bestelako arazo batzuk dakartza.
Latinoamerikan indarrean dauden gobernuetatik zein eredutatik sentitzen zara gertuen?
Garapen iraunkorraren araberako ekonomiaren alde eta pobrezia murrizteko lanean ari diren gobernuekin identifikatzen naiz.
Askok Uruguaiko Fronte Zabala koaliziotik eta Jose Mujicarengandik gertu kokatu izan zaituzte ideologia aldetik.
Uruguai oso herrialde demokratikoa da. Mujicak hitzaldia ematen duen bakoitzeko, presidente ohiak joaten dira hark esateko duena entzutera. Argentinak oraindik ez duen heldutasun demokratikoa dauka Uruguaik.
Argentinako presidentetzarako hauteskundeak. Hermes Binner. Alderdi Sozialistako hautagaia
«Argentinako arazoa ez da ekonomikoa, politikoa baizik»
Biharko bozetan Cristina Fernandez presidenteak ez du areriorik; boterea pertsonalizatuegia dagoela uste du Hermes Binner inkestetan bigarrenak; horrek ustelkeria ekartzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu