Argentinako estatu terrorismoko lehen kasua epaitzen hasi dira

1972ko diktadurako Trelewko sarraskian hamasei gerrillari fusilatu izana leporatu diete bost marineri

Argentinan 1972ko diktadurako Trelewko sarraskian hildakoak. BERRIA.
Ane Urrutikoetxea.
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Historialarien esanetan Argentinako estatu terrorismoaren lehen kasua dena epaitzen hasi dira. Berrogei urteren ondoren, Argentinako bost marine epaituko ditu Comodoro Rivadaviako Ahozko Auzitegiak, 1972ko diktadurako Trelewko sarraskian hamasei gerrillari fusilatu izana leporatuta. Bost marineei gizateriaren aurkako krimenak egin izana leporatu diete, eta epaiak hiru hilabete inguru iraungo du. Tarte horretan, aske utziko dituzte auzipetuak.

1972ko abuztuaren 15ean, Alejandro Lanusse jeneralaren diktadura amaitzear zegoela, Rawson kartzelatik ihes egin zuten ERP Herriaren Armada Iraultzaileko 25 preso politikok. Garai hartan, Salvador Allende zen Txileko presidente, eta Trelewko aireportuan hegazkin bat zain zuten hara ihes egiteko. Baina soilik seik lortu zuten hegazkinera igotzea. Gainontzeko gerrillariak, hamalau gizon eta bost emakume, atxilotu egin zituzten. Lanusseren militarrek espetxera bueltatuko zituztela negoziatu zuten epaile baten, abokatuen eta kazetarien aurrean, baina ez zuten hitza bete. Horren ordez, Trelewko ziegetan sartu zituzten. Zazpi egun geroago, hantxe fusilatu zituzten denak. Soilik hiru atera ziren bizirik, oso larri zaurituta. Militarren arabera, ihes egiten saiatzean hil zituzten, baina, 1973an, demokrazia itzulitakoan, bizirik atera ziren hiru gerrillariek gertatutakoa kontatu zioten Francisco Urondo idazleari, eta hark La patria fusilada liburuan jaso zuen dena. Hiru gerrillariak desagertu egin ziren 1976 eta 1983 bitarteko diktaduran.

Gerrillarien senideek «pozez» hartu dute epaiketa. Ia mende erdia igaro arren, Trelewko gertaerak epaitzea zen haien nahia.

Bi marine, epaiketatik kanpo

Luis Sosa, Emilio del Real, Ruben Paccagnini, Jorge Bautista eta Carlos Marandino dira auzipetutako militarrak, baina ez dira sarraskiaren erantzule bakarrak. Horacio Mayorga epaiketatik kanpo gelditu da, burmuineko arazoengatik. Horrez gain, Guillermo Bravo ere ezingo dute epaitu, AEBetan iheslari dagoelako. Floridak ez du Bravo estraditatu nahi, Pentagonoarekin negozioak dituelako militarrak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.