Giza Eskubideak

Argentinako Legebiltzarrak bertan behera utzi ditu diktadurako buruzagiak babesten zituzten amnistia legeak

Erabaki garrantzitsua hartu du bart Argentinako Senatuak: diktadura militarreko krimenen egileak babesten zituzten Puntu eta Kittoko Legea eta Derrigorrezko Obedientzia Legea bertan behera utzi ditu. Horrenbestez, 1976tik 1983ra bitartean indarrean izan zen erregimen ankerraren garaian 30.000 lagun hil eta desagertarazi zituzten militarrak epaitzeko eta zigortzeko aukera zabaldu da. dena den, Argentinako Auzitegi Gorenak du orain lege horiek atzera botatzeari buruzko azken hitza.

2003ko abuztuaren 21a
17:07
Entzun
Argentinako diktadura garaian (1976-1983) giza eskubide guztiak hankaz gora jartzen dituzten krimen handiak egin zituzten militarrek: 30.000 lagun inguru hil eta desagertarazi zituzten, haien haurrak ebatsi zituzten, eta beste milaka lagun torturatu zituzten. Izugarrikeria horien egileetako gehienak aske eta arazorik gabe bizi dira, hain justu, diktadura ondorengo lehendabiziko Gobernu demokratikoaren garaian —Raul Alfonsinen agintealdian— Puntu eta Kitto Legea eta Derrigorrezko Obedientzia Legea onartu zirelako; funtsean, sarraskietan parte hartu zuten militarrak aministiatzen zituzten legeak.

Orain, ordea, Legebiltzarrak bertan behera laga ditu lege horiek biak. Joan den astean Diputatuen Ganberan onartu zuten amnistia atzera botatzea, eta, gaur goizaldean, Senatuan. Hain zuzen ere, Senatuaren egoitzan hildako eta desagertuen senitarteko ugari bildu dira eztabaida segitzeko, eta pozez oihuka hartu dute senadoreen erabakia. Izan ere, krimenetan parte hartu zuten militarrak epaitzeko eta zigortzeko aukera zabaldu da.

Dena den, Auzitegi Gorenak du lege horiek biak atzera botatzeko erabakiaren inguruan azken hitza.

1986an, militarrak tribunalen aurrera eramateko saioa egin zuen Alfonsinek, baina matxinatu egin ziren. Altxamendu horren ondorioz onartu zen Obedientzia Legea, funtsean, amnistia ematen ziena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.