Aristide geratzeko asmoz itzuli da

Zazpi urte erbestean izan ondoren, jaioterrira iritsi da presidente ohia, hauteskundeak baino bi egun lehenago

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Rene Preval presidentea badoa, eta biharko hauteskundeetako irabazleak egin beharko dio aurre Haitiren egoera tamalgarriari —Mirlande Manigatek edo Michel Martellyk—, baina prozesu nahasiari amaiera zalapartatsua eman dio Jean Bertrand Aristide presidente izandakoak etxera itzulita, zazpi urte erbestean egon ondoren, gobernuak emandako pasaportea eskuan duela, eta jarraitzaile askoren ongietorria jasota.

Milaka pertsona izan ditu zain bere etxe inguruan, eta urduri jarri ditu Haitiko eliteko dirudunak.Baita AEBak ere. Berehala erakutsi dute kezka, hauteskundeak baino bi egun lehenago iritsita bazterrak gehiago nahastuko dituela uste dutelako. Aristideren 2004ko erbesteratzearen atzean egondakoei deseroso egiten zaie haren presentzia Haitin.

Herritarren ondoan lan egitera iritsi dela esan du, batez ere gazteekin, indarkeria modu guztiak amaitzeko. «Nazioa larriki gaixo» dagoela ere uste du, eta modu batera edo bestera iazko lurrikararen ondorioak jasaten ari diren herritarren «mina» gogorarazi du.

Orain ezin da jakin zer ondorio izango dituen haren iritsierak, baina kanpainan, ezinbestean, bi presidentegaiek izan dute albistea ahotan. Ongi etorria da, baina hauteskundeen bezperan egitea ez zaie komenigarria iruditu, giroa nahikoa gaiztotuta dagoelako.

Aristide ez baita edonor, eta Hegoafrikatik Haitira itzultzekoarrazoi nagusi modura osasun arazoak zirela esan bazuen ere, inor gutxik pentsatzen du geldirik egongo dela. Are gehiago, joan den otsailean, Haitiko Ministroen Kontseiluak pasaportea ematea erabaki zuenean, harridura sortu zuen. Izan ere, Rene Prevalpresidentea aliatu izan zuen garai batean, eta 2006an Aristideren jarraitzaileei esker atera zen presidente, baina gerora bizkar eman zion.

Aristideren joan-etorriak

Aristidek, Eliza katolikoaren apaiz izandakoa bera, beti izan ditu aldekoak eta kontrakoak. Askapenaren teologiaren ekintzaile ezagunenetako bat izan da, 1980ko hamarkadan Jean Claude Duvalier Baby Doc diktadorearen kontra egindako hitzaldi sutsuengatik fama hartutakoa. Hain zuzen, Baby Doc 25 urte erbestean izan ondoren Haitira ezustean itzuli zenean hasi ziren esaten Aristide ere itzuliko zela urte hasieran.

Haren ibilbide politikoa hasieratik pobreenen aldeko borrokarekin lotua egon zen, baina lortuz joan zen babesaren ondorioz hilketa saio askoizan zituen 80ko hamarkadan.

Elizarentzat ere ez zen oso gustukoa izan politikan aritzea, eta 1988an bota egin zuten, eta gutxira Aristide 1990ean Haitiko herriak hautatutako lehen presidentea izan zen. Hilabete batzuk iraun zuen, estatu kolpe batek atera baitzuen gobernutik.AEBetan erbesteratu zen, eta han jarraitu zuen kanpaina egiten gobernu berriaren kontra.

Horri esker, 1994an itzuli ahal izan zuen, nazioarteak militarrak ateratzeko presioa egin zuenean, eta 20.000 tropei esker, gehienak AEBeenak. 2000. urtean irabazi zituen hauteskundeak, botoen %80 lortuta irabazi ere, oposizioak boikotaren alde egindako prozesuan. Nazioarteko behatzaileak, ordea, kritikoak izan ziren aukeraketarekin, eta oposizioak ez zituen onartu emaitzak. Aristideren bigarren agintaldia hasi eta gutxira egoera kontra jarri zitzaion: etengabeko krisi politiko, sozial eta ekonomikoa. Gobernua banatua zegoen; botere guztia bereganatzea leporatu zioten, eta 2003an erabat gaiztotu zen giroa. 2004an matxinada odoltsu bati aurre egin behar izan zion, eta AEBen eta Frantziaren presioari. Hegoafrikan hartu zuen babesa atzo arte. Oraingoan ere politikan leku garrantzitsua beteko duela diote adituek.

Hauteskundeak

Aristideren etorrera ez da, ordea, Haitiren ezohikotasunaren arrazoi bakarra. Ameriketako lurrik pobreena zen iazko urtarrilean lurrikara suntsigarria jasan aurretik ere, baina lurrikarak 222.570 hildako eragin zituen, eta beste horrenbeste zauritu,eta urtebetera hondakinek kale ertzeetan jarraitzen dute; 800.000 lagun inguruk oihalezko dendetan egiten dute bizitza, oraindik lur azpitik atera ez dituzten gorpuen gainean, eta indarkeria eta bortxaketak ez dira gutxitu.Rene Prevalen gobernua ahituta geratu da aurrera egin ezinda, eta botere hutsuneari nazioartearen koordinazio falta batu zaio. Kolera ere hortxe dute, lehendik gutxi balute bezala.

Nahasmenaren erdian izan da hauteskunde prozesua, hori ere gaiztotua, iruzurra dela eta. Azaroan egin zuten lehen itzulia, eta Mirlande Manigat eta Jude Celestin —Prevalen suhia— geratu ziren bigarren itzulirako lehian hasieran. Baina iruzur zantzu nabariek liskarrak eragin zituzten, eta hildakoak. AEE Amerikako Estatuen Erakundearen aholkuz, azkenik, Celestin atera zuten, eta Michel Martellyri eman zioten bigarren lekua. Orain ikusteko dago nor izango den garaile.

Manigatek NBEren Minustahpixkanaka erretiratuz joateko helburua jarri du, eta justizia sozialaren alde egitea, besteak beste. Leslie Manigat senarra gobernuburu izan zen 1988an, eta pixkanaka protagonismoa hartuz joan zen, senarraren fama txartuz zihoan bitartean. Haren itzala ikusten dute batzuek orain, baina ez du fama txarrik.

Michel Martelly, berriz, kantari ezaguna da, eta politikan esperientziarik ez izatea leporatzen diote. Langileen alde egingo duela dio, eta ez duela lapurtuko bera diruduna delako. Gazteen babesa du batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.