Port-au-Prince hiriburuko auzo batean bizi da Gerard Pierre-Charles (1935). Bere etxea hesiz inguratuta dago: jasotzen dituen eraso ugariak eragozteko modua da. Duvaliertarren diktaduran Mexikon bizi izan zen, exilioan. Aristideri babesa eman zion hasierako urteetan, 1995. urtean bere «benetako izaeraz» ohartu zen arte. Orain haren dimisioa aldarrikatzen duen Herria Borrokan Erakundeko koordinatzailea da.
Matxinoek hiriburua hartuko dutela ohartarazi eta presidentearen aldekoek aurre egiteko prest daudela esan dute. Zein da egoera Port-au-Princen?
Azken orduetan ez dago berririk. Talde armatuek hiriburuan sartuko zirela esan eta Gobernuak egoera baliatu du mehatxua egin eta errepresioa indartzeko. Hiriburua eta herrialdea geldituta daude erabat Aristideren dimisioaren zain. Presidenteak dagoeneko zilegitasuna eta boterea galdu ditu.
Matxinoak hiriburuan sartzeko gai izango direla uste al duzu?
Baietz uste dut. Aristideren gobernua gizarte zibila ikaratzeko gai izan da orain arte, baina dagoeneko ez du erasoaldi armatu bati erantzuteko gaitasunik. Inor ez dago prest bere burua galtzeko presidentea defendatzeko.
Aristidek odol isuria gerta daitekeela ohartarazi du, ordea.
Oso pertsona manipulatzailea eta xantaiagilea da, hain da manipulatzaile fina ezen kanpotik ezin daitekeen sumatu ere egin. Nazioartekoa engainatzeko gai izan da, bere agintearen oinarriak drogaren atzean dauden egitura fantasma eta talde mafiosoak izan direla ezkutuan mantentzeko gai izan da, alegia. Egitura horiekin luzaroan boterearen kontrola erabat bermatua izango zuela uste zuen. Gertatu denak agerian jarri du botere hori ahula zela, gezurrean oinarrituta zegoen boterea zela. Herritarrak ernatzen ari dira eta Aristide benetan zer den ohartu dira.
Presidentearen bi alabek Ameriketako Estatu Batuetara ihes egin dute eta aipatzen da Aristidek ere alde egingo duela. Hori uste duzu?
Inguratuta dagoen gizona da. Bere indar armatuek inpunitatea bermatzen zioten, baina orain epaitua izan daitekeela badaki, beraz, inoiz ez du hegazkin bat hartuko alde egiteko, behartzen ez bazaio bederen. Joatekotan negozio hegaldi batean edo hilkutxa baten barruan izango da. Bere bizitza edo heriotza daude jokoan.
Itxaropen demokratikoaren ikurra izan zen Aristide. Zer dela eta egin du porrot?
Gezurti bat delako. Nik 1990. urtean babesa eman nion Aristideri. Gizon gaztea zen, askapenaren teologiaren diskurtsoa zerabilen eta pobreen aldeko mezuak helarazten zituen. Orain lotsatuta sentitzen naiz bere dialektika horretan sinesteagatik. Aristidek ez du ideologiarik, ez du formakuntzarik, ez du programarik, ez du ezertan sinesten... baina hitz jario bikaina du. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, agerian gelditu zen bere helburu bakarra botere absolutua eskuratzea zela. Posible da zenbait herritar gezurtzea baina ez da posible herritar guztiak luzaroan gezurtzea.
Egoera ekonomikoa eta elkarrizketa politiko eza aipatzen dira istiluen sorburu gisa. Oposizioari Duvalierren ondorengoak izatea leporatzen dio presidenteak...
Hori gezur galanta da. Aristide apaiz gizajo bat baino ez zen, pobrea, limosnatik bizi zena... Orain Haitiko gizon dirudunen artean dago eta etxe dotorea dauka. Burgesiako emakume batekin ezkondu zen eta ahal izan duen guztia egin du burgesia bere alde jartzeko. Bere diskurtso populista atzean utzi eta bere benetako izaera agerian gelditu zen. Pena izan da. Berarengan itxaropena genuen, baina hartu dugun desengainua handia izan da oso. Begikotasuna genion herritarrei min izugarria egin digu.
Zein da arazoaren jatorria?
Herritarrek modernitatera eta demokraziara ailegatzeko duten desioa eta iraganeko egituren artean dagoen desoreka da arazoaren iturria. Aristideren egitura politiko eta botere moduak iraganekoak dira: autoritarioa eta totalitarioa. Gizarteak, berriz, demokrazia nahi du. Beraz, egungo egoeraren arrazoia bi eredu horien artean dagoen borroka da: oraindik gizartean errotuta dagoen estilo arkaikoaren eta modernitatea ezartzeko dagoen irrikaren arteko borroka.Herritarren artean kontzientzia politikoa piztu dela esan izan duzu.
Herritarrek asko sufritu dute eta orain hausnarketa egin eta bere baliabide propioak dituztela ohartu dira. Zentzu horretan, Haitiko prentsak izan duen jokaera funtsezkoa izan da. Kontzientziaren eta salaketen euskarri izan dira ausardiaz jokatu duten kazetariak. Kontzientzia politikoa garatu da eta horren adibidea da azken hilabeteotan batasun politikoa egon dela oposiozioko indarren artean. Talde armatuen erasoak antolaketa politikoaren ondotik etorri ziren eta zentzua daukate aldaketa politikoa helburu duten neurrian. Dena den, inportanteena ez dira matxinoen erasoak, baizik eta aldaketa xede duen eta eratzen ari den mugimendua. Talde armatuak atsekabearen espresio bat baino ez dira.
Beraz bi fronte daude...
Metodoei dagokienean bai, baina helburuei dagokienean ez. Mugimendu historikoa eta batua da.
Dena den, talde armatuen buruen artean Duvalierren armadako kide ohiak daude. Zer deritzozu?
Oso gaizki iruditzen zait, baina Aristideren agintaldiak eragin du pertsona horiek orain aintzat hartuak izatea. Duela hamar urte figura horiek ez zuten hitz egiteko eskubiderik, baina Aristide haietaz baliatu da eta orain nolabaiteko babesa dute.
Joan den astean nazioarteko bake plan bat aurkeztu zen. Aristidek baietza eman zion eta oposizioak, berriz, ezezkoa. Zergatik?
Aristidek onartzea baino ez zuen, nazioartea presidentea zein den ohartu delako. Bake plan hau duela sei hilabete guk proposatu genuen bera da. Orain berandu da guretzako. Dimisioa eskatzen dugu.
26 urtez exilioan bizi izan zara Mexikon. Ongi asko ezagutzen duzu herrialdearen historia. Non dago sistema demokratiko bat eratzea baimenduko duen giltza?
Eratu dugun plataforman. Hortxe dago giltza. Irtenbidea posible da.
«Aristidek ez du erasoaldi armatu bati erantzuteko gaitasunik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu