Protestak herrialde arabiarretan

Armada sartu da Bahrainen

Agintariek beste urrats bat egin dute errepresioan, eta, Polizia ez ezik, militarrak ere bidali dituzte manifestariak geldiarazteraGobernuaren aurka ez ezik, errege familiaren aurka ere izan dira protestak

mikel rodriguez
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Atzora arte, Polizia izan da Bahrainen protestak zanpatzeaz arduratu den indarra, armada tankeak eta guzti kaleetan zegoen arren. Manifestarien jarrera gogortu denean sartu da armada tartean. Manama hiriburuaren erdigunean gutxienez lagun bat hil eta bertze hainbat zauritu ditu. Protesten erdigunea Lulu plaza izan da orain arte, eta herenegungo oldarraldietan Poliziak hustu egin zuen —lau lagun hil zituen—. Manifestariak plaza hartzen saiatu dira berriro, baina armada oldartu zaie orduan.

Oposizioaren elkarretaratzerik jendetsuena, dena den, Manamaren kanpoaldeko auzune batean izan da, hildako bi manifestariren hiletan. 15.000 lagun elkartu dira. «Erregimena eror dadila» izan da jendetzak oihukatutako lelo nagusia. Bahraingo buruzagi xiita nagusiak, Sheik Issa Kassemek, manifestazioen aurkako erantzuna «sarraskia» izan dela adierazi du, eta agintariek elkarrizketari «ateak itxi» dizkiotela salatu du. Manifestarien mezuak gogortu egin dira, eta, orain, gobernuaren aurka ez ezik, errege familiaren aurka ere egin dute. «Hasieran lehen ministroak agintea utz zezala eskatu genuen, baina orain sendi guzia joan dadin nahi dugu», adierazi du hildakoetako baten anaia Ahmed Makki Abu Takik.

Erregimenaren aurkakoek ez ezik, errege familiaren aldekoek ere karrikak hartu dituzte. Ortziral eguerditako otoitzen ondotik milaka lagunek manifestazioa egin dute Manaman, estatuko indarren babespean. Hainbat hedabideren arabera, Bahrainen bizi diren atzerritar anitzek parte hartu dute manifestazioan, gehienbat bertze herrietako musulman sunitek. Hamad ibn Isa al Khalifa erregearen eta gobernuaren aldeko oihuak egin dituzte manifestariek. Ez da istilurik izan.

Iragan otsailaren 14an hasi ziren Bahrainen gobernuaren aurkako protestak, Tunisiako eta Egiptoko ereduen arrimura. Bahrainen, ordea, berezko ezaugarria dute aldarrikapenek, botere esparruak gutxiengo sunitaren esku baitaude —errege familia sunita da—, eta gehiengo xiitak bazterkeria salatu izan du.

AEBen posizio labainkorra

Bahrain herrialde txikia da, baina bere kokapenarengatik aliatu garrantzitsua bihurtu da AEB Ameriketako Estatu Batuentzat. Bortzgarren Gerra Ontzidia bertan kokatua dute, eta horren bidez Persiako Golkoa eta Afrikako kostaldea Kenyara arte kontrolatzen ditu. AEBek golkoa uzten duten petrolio ontzien segurtasuna bermatzen dute Bahraindik, eta, bide batez, Iran kontrolatzeko kokagune militar pribilegiatua da.

Al Khalifa dinastiak egonkortasuna eman die AEBei, horregatik, protestek kinka estuan paratu dute Barack Obama presidentea. Hillary Clinton Estatu idazkariak erreforma politikoak egiteko eta protestei indarkeriarekin ez erantzuteko eskatu dio Bahraingo Gobernuari. Egiptorentzat balio duenak Iranentzat ere balio duela aldarrikatu du Obamak, baina Bahraini buruz ez du halakorik erran oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.