Armadaburu ohi bat atxilotu du Turkiak, kolpismoa leporatuta

«Erakunde terrorista bat» zuzentzea eta AKPko gobernuaren kontra estatu kolpea prestatzen aritzea egotzi diote«Prozesu politikoa» da oposizioarentzat, eta «konfiantza sendotzeko aukera» EBrentzat

Jon Fernandez.
2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Turkiak behin-behinean kartzelan sartu du 2008tik 2010era bitartean armadaburua izan zena, Ilker Basbug. Helburutzat Recep Tyyip Erdoganen gobernuaren kontrako estatu kolpea jotzea zuen «erakunde terrorista» bateko kide izatea eta hura zuzentzea leporatzen diote. Istanbulgo Silivri espetxean dago Basbug, bakarkako ziega batean, ostegun arratsaldean Fiskaltzan zazpi ordu eta erdiko galdeketa egin zuenetik. Lehen aldia da Turkian armadako maila goreneko kargu bat atxilotzen dutena, baina ez da inondik ere militarren kontrako lehen auzibidea. Izan ere, 2007az geroztik sekulako jazarpen judiziala egin dio Ankarak armadako buruzagitzari, eta ehunkaofizial daude kartzelan —ikerketapeko atxiloaldian asko, epaiketaren zain—. Oposizioko alderdiek, politikotzat jo dute gobernuak militarren kontra abiatutako prozesua.

Ergenekon auzia deritzonaren barruan izan da Basbugen atxiloketa. Ustez, AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiko gobernua desegonkortu eta estatu kolpea emateko egoera egokia sortzeko konspirazio ultranazionalista da Ergenekon: gatazka sozialak sortzea, gizartean beldurra hedatzea eta erakunde faltsuen izenak erabiliz atentatuak egitea egozten diote. Hain justu, gobernuaren kontrako propaganda zabaltzeko 42 web orri sortzea leporatzen diote Basbugi, besteak beste. Gobernuaren kontra egiteaz gain, gainera, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren, greziarren eta armeniarren kontra ere egiten zuten Interneteko atari horiek.

Basbugek epailearen aurrean ukatu egin ditu bere kontrako akusazioak, eta Turkiako armada munduko boteretsuenetakoa dela nabarmendu du. Armadaren gidaria izan den bati «talde terrorista bat» zuzendu duela leporatzea «tragikomikoa» dela adierazi du. Gainera, armadaburu AKPk berak izendatu zuela gogoratu duBasbugek. «Halaxe da», aitortu du Besir Atalay lehen ministrordeak. «Geuk izendatu genuen, eta urteetan lan egin dugu berarekin. Ez genuen haren kontrako susmo bakar bat ere».

Bestalde, «epai judizial batek halakorik esan arte» inor ez dela erruduna nabarmendu du Abdullah Gul-ek, Turkiako presidenteak. «Denok gara berdinak legearen aurrean», Gulen arabera, eta Basbugen kontrakoa «prozesu judizial independentea» dela gaineratu du. Bestelakoa da, ordea, oposizioaren iritzia. «Epaitegiak erabaki politiko bati eman dio babesa», salatu du Kemal Kiliçdarogluk, CHP oposizioko alderdi nagusiko buruzagi sozialistak.

Gobernua, militarren ehizan

NATOko bigarren armada da Turkiakoa —AEBetakoaren atzetik—, 700.000 soldadurekin. Azken hamarkadetan Ankarako Konstituzio laikoaren berme gisa agertu izan da armada; hiru estatu kolpe eman zituen 1960ko hamarkadatik 1980ko hamarkadara bitartean. 1997an, bestalde, agiri bat kaleratu zuen, Necmettin Ebakan islamistaren gobernua dimisioa ematera bultzatuz. Garai hartan Ebakanen RP Ongizatearen Alderdiko kidea zen Erdogan, eta AKP haren ondorengotzat jotzen dute. Horregatik, Ebakani gertatutakoa ez errepikatzeko saiotzat ikusten du oposizioak Erdoganen militarren ehiza.

Armadak, beraz, politikan eta gobernuan eragiteko ahalmen handia izan du Turkian. 2007an, baina, AKPko gobernuak sekulako borroka juridikoa hasi zuen buruzagitza militarraren kontra. Ergenekon, Kaiola eta Sledgehammer dira auzi nagusiak, eta oraindik ere zabalik daude ikerketak. Guztira, laurehun akusatu inguru atxilotu dituzte: abokatuak; akademikoak; kazetariak, eta armadako goi agintariak, jeneralak eta almiranteak, tartean. Ikerketapeko atxiloaldian daude oraindik asko, epaiketa noiz egingo zain. Ahmet Sik eta Nedim Sener kazetariak eta Yalcin Kucuk idazlea ere auzi beragatik daude kartzelan; gobernuarekin oso kritikoak dira hirurak. Ehun kazetari inguru daude herrialde osoko kartzeletan, eta Turkiako Kazetarien Elkarteak «beldur giroa» hedatu dela salatu du.

Ustezko estatu kolpea emateko sarea ikertzea Ankararentzat mesedegarria dela uste du, bestalde, Peter Sano Europako Batzordeko Auzo Politikarako bozeramaileak. «Aukera bat da Turkiarentzat, bere erakunde demokratikoen funtzionamenduaren gaineko eta zuzenbide estatuaren gaineko konfiantza sendotzeko».

Bestalde, enbaxadorea Parisera berehala bidaliko duela iragarri du Erdoganen gobernuak. Iragen abenduan liskar diplomatikoak izan zituen Frantziarekin, Parisko Legebiltzarrak armeniarren genozidioa ez aitortzea zigortzeko legea onartu zuenean. Enbaxadorea kendu zuen orduan, baina gauritzuliko da Parisera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.