Dena den, lerro hauek idazteko unean, Kutkai zeinen eskuetan zen ezin zehazki jakin. Era berean, ezin zen borrokaldien balantzea iturri neutralen bidez egiaztatu. Gobernuko iturriek ziurtatu dute ehun taliban baino gehiago hil dituztela larunbataz geroztik, eta hamahiru soldadu galdu.
Armadak, anartean, Hego Waziristanen itzal handikoa den Mehsud leinuari dei egin dio talibanak sustatzeari uzteko, eta gerrillari islamisten kontrako borrokan laguntzeko. Gerra hegazkinetatik botatako eskuorrien bitartez egin die eskaintza hori armadak, «Mehsud abertzaleei».
Islamisten mendekua
Pakistango hiriburu Islamabadeko nazioarteko unibertsitate islamikoan zazpi lagun hil ziren-tartean bi ekintzaileak- eta 30 bat zauritu, atzo egindako bi eraso suizidetan. Agintariek uste dute taliban gerrillariek dituztela erasook egin, Hego Waziristanen armadak hasitako lurreko oldarraldiaren mendeku gisa.
Lehen leherketa atzo 15:00ak inguruan izan zen -12:00ak, Euskal Herrian- Lege Islamikoko Fakultateko eraikin batean. Handik gutxira beste eztanda bat gertatu zen, emakumeentzako jantokian. Zartatzeen ondoren, izua zabaldu zen eta kaosa nagusitu, alde orotan odol orbanak eta gorpuzkinak ageri zirelarik.
«Zazpi pertsonak bizia galdu dute, tartean, bi erasotzaileek, eta 29 lagun zauritu dira», adierazi du Islamabadeko udal agintari batek, Rana Akbar Hayatek, eta zera gaineratu: «Hildakoen artean emakume ikaslebat badago». Atentatuen lekura azaldu da Pakistango Barne ministro Rehman Malik, eta gogor salatu du gertatutakoa hedabideen aurrean: «Gerran gaude; ahaleginak oro egingo dituzte [gerrillari islamistek] herrialdea kolokan jartzeko; euren burua islamaren zaintzailetzat jotzen duten hauek benetan Islamaren eta Pakistanen etsaiak dira».
Pakistango Barne ministroaren esanetan, basakeria hau inork bere gain hartu ez arren, jakina da nortzuek egin duten. «Ikerketa bide guztiek Hego Waziristanera eramaten gaituzte». Hitz horiekin Malikek nabarmendu du Islamabadeko atentatuen aurreko egunetan izandako eraso uholdearen atzean TTP Pakistango Talibanen Erakundea dagoela. TTPren gerizaleku da Afganistango mugan den Hego Waziristango leinu eskualdea.
Pakistango armadak talibanen kontra Hego Waziristanen hasi duen erasoaldiaren ondorioz, dozenaka mila lagunek utzi behar izan dute bizitokia.
Nonbaiterako ihesean hilak
A. S.Ihes egiteagatik hil dituzte. Pakistango armada Hego Waziristanen egiten ari den erasoaldiagatik utzi zuten etxea, beste milaka lagunen moduan. Tirorik eta leherketarik gabeko lekuren batera zihoazen, nonbaitera. Hamabi lagun bidean geratu dira, ordea. Hamabi senitarteko, familia osoa.
Pakistango Dawn egunkariak jakinarazi du berria. Iturri horren arabera, gerra hegazkin batek jaurtitako lehergailuak jo du familia. Eta guzti-guztiak hil dira, emakumeak eta haurrak tartean. Haiekin batera ihesean zihoazenetako hainbat bizirik atera dira. Eta Ipar Waziristango Razmak herrira heltzean, hildakoak shabijel tribukoak zirela zabaldu dute. Tribu horren bizitokian, Engamalin, soldaduek hainbat etxe suntsitu zituztela ere azaldu dute; haietako bizilagunek milizianoei laguntzen zietela argudiatu dute soldaduek.
Zibilak zehar kalte
Estatu bateko indar armatuen eta gerrillaren baten arteko gatazketan, herritar zibilek pairatu ohi dituzte ondorio larrienak. Eta Hego Waziristanen ere, Pakistango ipar-mendebaldean, halaxe gertatzen ari da. Eskualde horretako biztanleriaren inguruko datu zehatzik ez dago; zenbaiten arabera, 450.000 eta 600.000 lagun bitartean bizi dira han. Bide beretik, azken lau egunetan Pakistango armadaren eta talibanen arteko borrokaldi gogorren ondorioz, ihesean joan direnak zehazki zenbat diren esango duenik ere ez dago. Honako hau argia da, ordea: milaka eta milaka herritarrek etxea utzi behar izan dute.
«Gure zenbaketen arabera, azken egunotan 170.000 lagun inguruk ihes egin behar izan dute», azaldu du OCHA Giza Laguntza Koordinatzeko Nazio Batuen Erakundeko ordezkari Michelle Montasek. «Aurretik lekuz aldatutakoak aintzat hartuta, denbora gutxian 250.000 lagun ingurukalde egin dute euren bizigunetik».
Borrokaldietatik ihes egin duten horietako zenbaitek erasoetatik libratu diren Hego Waziristango beste barrutietan dituzten senideen etxeetan babes hartu dute. Hala azaldu du, behinik behin, Montasek. «Oraindik ez dago iheslarientzako gunerik», gaineratu du OCHAko bozeramaileak. Hala ere, NBE Nazio Batuen Erakundeak eskualdera jada giza laguntza bidali duela eta lekuan lekuko gobernuz kanpoko erakundeekin elkarlanean ari dela azaldu du.
AI Amnesty InternationalenAsia-Pazifikorako ordezkari Sam Zarifiren iritzian, egoera oso larria da Hego Waziristanen. «Gatazkaren ondorioz, eskualde honetako bizi-baldintzak Swat haranean izandakoak baino okerragoak dira», ziurtatu du, Pakistango armadak probintzia horretan maiatzean egindako erasoaldiari erreferentzia eginez. «Hego Waziristan oso leku arriskutsua da, eta giza laguntzarako oso talde gutxik lan egiten dute bertan», gaineratu du. «Negua datorrela kontuan izanda, giza hondamendia gerta liteke».
Ildo beretik, AIk nabarmendu du Pakistango agintariek ez dituztela iheslariak kontuan hartu. «Ez dute aurreikusi milaka lagunek aterpea, elikagaia eta ur-edangarria beharko dutela», azaldu du Zarifik. Hori horrela, AIko arduradunak zera ohartarazi du: «Gatazkako bi aldeak, baita Gobernuaren aurkari armatuak ere, behar gorrian dauden herritarreigiza laguntza iristen uztera behartuta daude, nazioarteko legediari jarraikiz».
Artean, Pakistango Gobernuak gutxitu egin ditu giza erakundeek emandako zifrak:«Borroka gunetik ihes egin duten 12.000 familiatako kideak erregistratu ditugu; horiek, gehienez, 94.000 lagun dira».