TRO Tamilen Berreraikuntzarako Erakundeak kanpalekuak ezarri ditu inguruan. Gurutze Gorriari eta nazioarteari sostengua eskatu zien atzo gobernuz kanpoko erakunde horrek. Armadaren aire erasoak herenegun hasi ziren eta, orduz geroztik, hamabi pertsona hil direla eta tartean emakumeak eta haurrak daudela salatu zuten tamilek. Muttur eskualdeko hainbat herri bonbardatu dituzte. Trincomaleen gerrillari tamilen baseei erasotzen ari dira. Iparraldea eta hegoaldea lotzen dituen errepide nagusia, berriz, itxita dago. Kolonbon herenegun izan eta gerrillari tamilei leporatzen dieten erasoaren erantzuna dela jakinarazi zuen Armadak. Prasad Samarasinghe bozeramaileak honela azaldu zuen: «Gure unitateei eraso diete eta guk erantzun egin dugu». Kolonbon bederatzi pertsona hil eta beste hogeita zazpi zauritu ziren asteartean, ustez ekintzaile suizida tamil batek emakumea soinean zeraman bonba zartarazi zuenean. Armadaren base militar batean izan zen erasoa. LTTEk, alta, erasoarekin ez duela zerikusirik eta su-etena sostengatzen duela jakinarazi zuen. Genevan (Suitza) astelehenean eta asteartean egitekoak ziren bake negoziazioetara joateari uko egin bazioten ere bake prozesuarekiko konpromisoa dutela zehaztu zuten. Daya Master bozeramaileak konpromiso hori berretsi zuen. S. Elilan buruzagi tamilak, alta, erantzuteko prest daudela ohartarazi zuen: «Buruzagien oharrean zain gaude gure aurkariarentzat suntsitzailea eta hondatzailea izango den indarrarekin erantzuteko». Armadaren erasoaldia aurretik «inongo probokaziorik» izan gabe egin dutela salatu zuten tamilek.
Ostiralean, bilera
Sri Lanka Gobernuko Bakerako Idazkaritzaren buru Palitha Kohonak aire erasoaldia «ekintza bakana» dela esan zuen. Keheliya Rambukwella Defentsa bozeramaileak, alta, gerrillari tamilek erasoak egiteari utzi artean «aire, lur eta itsaso erasoak» egiten jarraituko dutela adierazi zuen.Mahinda Rajapakse presidenteak «gerrillari tamilek su-etena hautsi arren» bakearekin duten konpromisoa bere horretan dagoela adierazi zuen herenegun: «Horrek ez du esan nahi edozein basakeria onartzeko prest gaudenik». Ostiralerako alderdi politiko guztiak bilera batera deitu ditu presidenteak, egoera aztertzeko. Negoziazioak behin betiko bertan behera uztea eztabaidatuko ote duten helarazi zuten hainbat informazio iturrik.
Rajapakse iragan azaroko bozak irabazi zituen, eta orduz geroztik indarkeria areagotu egin da uhartean. Azken lau hilabeteotan hirurehun pertsona hil dira erasoetan, erdiak zibilak, eta su-etena kolokan dago. Gerra zibila berriz pizteko arriskua dagoela iritzi diote hainbat adituk. 1983. urtean ekin zioten borroka armatuari tamil tigreek, independentzia aldarrikatzeko, eta, egun, autonomia eskatzen dute. Agintariak, baina, uzkur agertu dira orain arte, urrats horren ondoren uhartearen batasuna bermatu ezingo duten beldur direlako. Sri Lankan jada 65.000 pertsona hil dira eta beste milioi batek erbestera jo behar izan du azken hogei urteotan.
Kronologia
2002: Gobernuak eta LTTE Tamil Eelameko Askatasun Tigreek su-etena sinatu zuten otsailean. Abenduan estatu independentea sortzeko eskaera bertan behera utzi zuten tamilek, autonomiaren truke.
2003: Otsailean berriz hasi zituzten negoziazioak, baina, bazterketa argudiatu eta tamilak negoziazioetatik atera ziren.
2004: Uztailean atentatua egin zuten tigreek Kolonbon, su-etena sinatu zutenetikaurrenekoa.
2005: Lakshman Kadirgamar Atzerri ministroaren heriotza tamilei leporatu eta larrialdi egoera ezarri zuten abuztuan. Mahinda Rajaksek Presidentetzarako bozak irabazi zituen azaroan. Tamilek bozak boikotatu zituzten.
2006: Negoziazioak hasi zituzten otsailean Genevan (Suitza). Urte hasieratik izandako erasoek, baina, kolokan jarri dute su-etena. Aste honetan hastekoak ziren negoziazioak bertan behera gelditu dira.