Armadaren burua izateko hautagai nagusia bonbaz hil dute Libanon

Michel Suleiman presidente hautatuz gero, haren ordez armadaburu izatekoa zen François el Hajj jenerala

2007ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
François el Hajj Libanoko armadako jenerala eta beste hiru lagun hil zituzten atzo Beirut ondoan, Baabda hirian, bonba-auto bat zartarazita. Leherketa goizean gertatu zen, jenerala etxetik atera eta Defentsa Ministeriora lanera zihoala. Segurtasun neurri handiko eremua da Baabda, Ministerioaz gain handik gertu Libanoko presidentearen jauregia, hainbat enbaxada eta politikari ugariren etxebizitzak baitaude.

El Hajj ez zen nolanahiko figura: armadako operazio burua izateaz gain, egungo armadaburu Michel Suleiman jenerala ordezkatzeko hautagai nagusia baitzen, hura Libanoko presidente izateko hautatzekotan betiere. Gainera, harengandik oso gertu zegoen atzo hildako 52 urteko jeneral kristau maronita. Gehiengo parlamentarioa eta oposizioa ez dira oraindik bat etorri Emile Lahuden ordezkoa hautatzean, Suleimanek bi aldeen oniritzia izaki ere.

Berri Agentzia Nazionalaren arabera, leherketaren indarrak bere autotik 150 metrora jaurti du El Hajjen gorpua, eta Israelgo armadak iazko udan Libano bonbardatu zuenean bonba batek utzitako zuloan aurkitu dute hura.

Hain zuzen ere, armadako arduradun batek azaldu duenez, erakundeko agintaririk garrantzitsuenetako bat zen El Hajj, eta honek funtsezko rola jokatu zuen Libanoko armada hegoaldean hedatzeko tenorean, iazko udan Israelgo armadaren eta Hezbolaren gerrillaren artean izandako borrokak NBEk ezarritako su-eten baten bidez bukatu eta gero.

Horrez gain, NBEk Libanoko hegoaldean dituen UNIFIL indarren operazioak koordinatzen zituen atzo hildako jeneralak. Halaber, aurtengo maiatza eta abuztua artean Libanoko iparraldeko Nahr el Bared iheslari gune palestinarrean 2006tik aterpetutako Al Fata-Al Islam talde transnazional jihadistaren eta soldaduen arteko borroketan armada zuzendu zuen El Hajjek. Borroka eta erasoetan gutxienez 400 pertsona inguru hil ziren, tartean 222 ekintzaile islamista, 163 soldadu eta 20 bat errefuxiatu palestinar. Gainera, eremua suntsitu, eta hango 40.000 biztanleen lekualdatzea eta askoren zauriak eragin zituzten. Hain justu, handik ihesi joandakoek eta beste iheslari batzuek greba orokorra egin zuten herenegun ondoko Beddaui errefuxiatu gunean. NBEren egoitzaren aurrean Nahr el Barederako itzulera atzeratzen ari dela eta egun dituzten bizi baldintzak salatu zituzten.

«Atentatuak Nahr el Baredeko gertaerekin lotura dauka, baita herrialdean dagoen krisi politikoarekin ere», nabarmendu du militar ohi eta El Hajjen lagun Elias Hannak. «Maila guztietan nabarmentzen zen ofizial bat zen -pertsonala, taktikoa, estrategikoan...- eta armadako burua izatera irits zitekeen. Horrexegatik, garrantzi handiko jomuga zen».



ERREAKZIOAK. Libanoko lehen ministro Fuad Siniorak atentatua gaitzetsi, eta batasun nazionalerako deia egin du: «Libanoren aurkako konplota oso handia da, baina argiagoa erantzuna: batasun nazional handiagoa».

Suleimanen hitzetan, El Hajjen hilketak ez ditu ez armada ez herria makurraraziko. «El Hajj jeneralaren martirioak Libanoren etorkizunean eta garaipenean dugun konfiantza sendotuko du». Politikariei armada gatazka politikoetatik at mantentzeko eskatu die.

Gehiengo parlamentarioak eta oposizioak ere bat egin dute gaitzespenekin, baina batak bestearen erantzukizuna iradoki du.

Gaitzesleen artean daude ere Liga Arabiarra eta Europako Batasuneko presidentetza. Ildo berean,EBren Atzerri Politikarako goi komisario Javier Solanak azaldu du atentatua izan den une politikoak «kezka handia» eragiten diola.

Siriak Israelgo zerbitzu sekretuei egotzi die atentatuaren erantzukizuna. «Libanoko armadaren eta honen printzipio antiisraeldarren aurkakoa da hilketa». Egiptok «krimen izugarri» iritzi dio.



«Maila guztietan nabarmentzen zen ofizial bat zen, eta armadako burua izatera irits zitekeen»

elias hanna
el hajjen laguna eta militar ohia
«Libanoren aurkako konplota handia da, baina argiagoa erantzuna: batasun nazional handiagoa»

fuad siniora
libanoko lehen ministroa




Baabdako jauregirako

bide 'luzea'
Presidente kargua betetzeko hautagaia hitzartzen ibili arren, gehiengo parlamentarioaketa oposizioak zortzi bider atzeratu dute bozketa.
j.m.s.

Beirut hiriburuko erdigunetik oso kilometro gutxira dago Baabdan Libanoko presidenteek egoitzatzat hartu izan duten jauregia. Maldan gora geratzen da Beirutetik abiatuta, eta malda gora egiten ari zaie Libanoko diputatuei Emile Lahudek joan den azaroaren 24an hutsik utzitako kargua betetzeko akordioa lortzea. Siriaren aldeko politikariak agintaldia bukatu aurretik hainbat bider saiatu dira gehiengo parlamentarioa eta oposizioa adostasunezko hautagai bat hitzartzen, gero Legebiltzarrean hura hautatzeko. Baina oraingoz ez dute halakorik lortu.

Krisi politikoa are sakonagoa da Lahudek kargua utzi zuenetik sortutako hutsune politikoagatik, eta tirabira gehiago saihesteko haren ordezkoa adostasunez eta diputatuen bi herenen sostenguarekin hautatu nahi dute. Fuad Siniora lehen ministroaren eta Saad Hariri diputatu sunitaren gehiengo parlamentarioak aski luke, lehenbiziko bozketak huts eginez gero, hautagaia gehiengo soilaz onartzearekin, baina horrek oposizioarekiko etena handituko luke.

Hala, jarrerak hurbiltze aldera bilera ugari egin dituzte bi aldeek, baina armadako buru Michel Suleimanek bientzat hautagai egokia eta neutrala dirudien arren, zortzi bider atzeratu dute Legebiltzarreko bozketa. Suleiman hautatzeko, lehenik Konstituzioaren artikulu bat aldatu behar dute, baina kontu oraindik bukatzeke dago.

Halere, adituek ez dute uste heldu den astelehenean azkenik presidente berria hautatuko dutenik, Bidea luzeagoa izango dela diote.

Kilometro gutxi, baina bide luzea Libanoko Presidentetzaren jauregiraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.