Herrialde arabiarretako matxinadak. Egipto

Armadaren kate pisutsua

Militarrek agindu dute Egipton 1952tik, eta boterean jarraitzen dute, Tahrir plazako iraultza gertatu arren. Matxinadaren eta militarren arteko batasuna, ordea, eroriz joan da hilabeteak igaro ahala.

Kairo
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Ofizial aske moduan ezagututako taldeak boterea estatu kolpe bidez hartu zuen 1952an, Egipton. Faruk erregea erorarazi zuten —kolono britainiarren txotxongilo izan zen—, atzerritarrengandik independentzia eskuratzeko, eta behingoz, zapalkuntzarekin, Niloko herriaren historiaren ezaugarria izan zena amaitzeko. Mohamed Naguibek, Nasserrek, Sadatek eta Mubarakek —denak dira militarrak— duela 60 urtetatik gidatu dute herria, eta militar batek agintzen jarraitzen du, nahiz eta mundu osoan goratutako Tahrir plazako iraultza gertatu den joan den neguan.

Mohamed Tantaui armadaren buruzagiak Hosni Mubarak dimisioa ematera behartu zueneko bileraren xehetasunak ez dituzte jakinarazi. Horixe egin zuen, amore eman, atsedenik gabe kargua utz zezala eskatzen zioten milaka herritarren aurrean, otsailaren 11n. Armadaren eginkizuna —manifestariei erasotzeari uko egin zion— ezinbestekoa izan zen 30 urte boterean egin zituen presidentea botatzeko, eta herritarrekiko erkidetasuna erabatekoa izan zen. Ez dago jakiterik Tantauiren orduko benetako asmoak zein izan ziren, baina bistan da, instituzioaren eta herriaren arteko batasuna eroriz joan da hilabeteak igaro ahala. Kaleko egiptoarrak iraultzan sinisteari utzi dio.

Epaiketa militarrak

Armadaren arriskuaz ohartarazi zuen lehenetakoa, Maikel Nabil gazte bakezalea, kartzelan dago gaur egun. Nabilek bere blogean hau komentatu zuen, martxoaren 7an: «Armadak Polizia armekin hornitu zuen, iraultzako manifestariak baretzeko». Mubarak amaitu bai, baina «diktadurak aurrera jarraitzen» duela ere idatzi zuen. Hiru urteko espetxe zigorra jarri zion epaitegi militar batek, eta hainbat aldiz atzeratu dute bista. Nabil Israelen aurkakoa ez den gutxietakoa da Egipton, eta Ahmed Zidanek, haren lagun eta lankideak, horregatik zigortzen dutela uste du: «Ekintzaile asko askatu dituzte, baina Maikelekin obsesioa dute». Nabilek hainbat aste daramatza gose greban; ospitale psikiatriko batera ere eraman zuten, arduradun militarrek erotuta zegoela sinetsarazi nahi zutelako. «Gezurra esaten digute beti Maikeli buruz, eta haren kasua atzeratzen jarraitzen dute», damu da Zidan. Webgune bat sortu du (Mideastyouth.com), non Ekialde Hurbileko gazteek pentsatzen dutena idazten duten. Nabilek idatzitakoak han argitaratzen jarraitzen du, espetxetik.

Armadak espetxeratutako ekintzaileen artean kasurik ezagunena Alaa abd del Fatarena da —12.000 lagun baino gehiago daude preso—. 2004tik idazten du bere blogean erregimenaren aurka. Egipto hegoaldeko eliza bat erretzeagatik 26 kristau kopto protestan hil ziren gauean «indarkeria bultzatzea» leporatzen dio armadak. Gaur arte, iazko urriaren 9an gertatutakoagatik ardura handiagorik ez zaio inori eskatu, baina irudiek erakusten dute armadaren blindatuek manifestariak harrapatu zituztela.

Egun hartan, telebista publikoak jendea kalera irten zedila eskatu zuen, «armada kristauen erasoetatik defendatzeko». Alaa espetxean dago behin-behinean, eta fiskalari erantzuteari edo askatasuna negoziatzeari uko egin dio, errugabea dela ziurtatzen duelako. Haren kasuak Egiptoko ekintzaileen mugimendua haserretu du, armadak iraultzaileen kontra mehatxu egiteko erabiltzen duela uste baitute.

Birjintasun frogak apirilean manifestazio batean atxilotutako emakumeei; zentsura mediatikoa; manifestari bakezaleen kontrako indarkeriaren erabilera neurrigabea; elizei erasoak, eta argitu ez diren beste borroka sektario batzuk; torturak; segurtasunik eza... Zalantza gehiegi trantsizioa gertakari nahasien joan-etorri bilakatu duen instituzioarekiko.

Armadaren boterea

Egiptoko armada instituzio itxia da. «Arazoa da aurrekontuak ez direla gardenak», esan zuen Robert Springborgek, Al Masry Al Youm egunkari independentearen ingelesezko bertsioan. 2000 eta 2002 bitartean Egipton AEBek zuten Ikerketa Zentroko zuzendaria izan zen Sprinborg, eta «erabakiak hartzerakoan armadaren interes ekonomikoek pisu handia» dutelako egin zuen baieztapen hori.

Egia da indar armatuek negozio zibilak dituztela, Produkzio Militarraren eta Defentsaren Ministerioaren bitartez; hala ura botilatzeko enpresak, nola industria elektronikoak eta itsasontzienak; bidesaria duten errepideak egiten dituzte, lurrak dauzkate... Instituzio hori gehien ikertu duenetakoa izan da Springborg, eta horrela itxi zuen gaia elkarrizketan: «Legebiltzar ahula nahi dute, eta euren agintearentzat mehatxua izango ez den presidente bat; edozein modutan, saiatuko dira ziurtatzen ez direla inoren aginduetara egongo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.