Aurrez porrota onartuko balu bezala, Thailandiako lehen ministro Abhisit Vejjajivak «ezegonkortasuna» iragarri du bozen aurreko azken mitinean. «Gure alderdiak galtzeak gatazka luzatzea baizik ez du ekarriko, eta alderdi demokrataren proposamenari muzin eginez gero, liskarrak piztuko dira», ohartarazi du. Gaur egingo dituzte, hain justu, legebiltzarrerako hauteskundeak Thailandian, eta inkestek 2006an estatu kolpe bidez kanporatutako Thaksin Shinawatraren alderdiari ematen diote garaipena. Yingluck Shinawatra haren arreba da, hain justu, Puea Thai alderdiaren liderra.
Armadaren erantzunak kezkatuago ditu, ordea, herritarrak, bozetan gertatuko denak baino. Izan ere, inkestek diotena gertatzen bada, alegia, Puea Thai alderdiak bozak irabazten baditu, armadak esku hartuko duela uste dute askok. Hauteskundeen emaitzak errespetatuko dituztela esan badute ere, armadako hainbat goi kargudunek Puea Thairen aldeko botorik ez emateko eskatu diete herritarrei kanpainan. Prayud Chanocha armadako buruak, esaterako, aurreko hauteskundeetan gertatutakoa ez errepikatzeko ahalegina egiteko eskatu du —Thaksin Shinawatraren aldekoek irabazi zuten 2007ko bozetan—. Hori horrela, herritarren zati handi bat ez da armadaren hitzaz fidatzen. Izan ere, 1932tik, monarkia absolutista baztertu zutenetik, hemezortzi estatu kolpe eman dituzte. Azkena, 2006an. Orduko hartan Konstituzioa ere aldatu zuten eta botereen banaketa desegin zuten. Egun agintean den alderdi demokrata ere militarren babesari esker dago boterean.
Izan ere, azken bi hamarkadatan, ezin izan du alderdi demokratak hautestontzietan kasik lehiarik irabazi. «Yinglucken garaipena gauza ziurra da, kontua da zenbateko aldearekin irabaziko duen», adierazi du Pavin Chachavalpongpun Asia Hego-Ekialdeko Ikerketa Zentroko kideak. Inkestek dioten bezala, 500 eserlekutik 240 inguru lortzen baditu, irtenbiderako aurrerapausoa izango dela dio Chachavalpongpunek. Aldiz, gehiengo absolutua eskuratzeak ezegonkortasuna areagotuko lukeela dio, oposizioaren erantzunaren beldur.
Era berean, bi alderdi nagusien arteko lehia estua izatea kalterako izango dela diote adituek.Hala gertatuko balitz, bataren zein bestearen aldekoak kalera irten eta bakoitza bere borondatea inposatzen saia daitezkeelakoan baitaude. Dena den, alderdi demokratak gehienera 170 eserleku lortuko dituela diote inkestek.
Herrialdea bitan banatuta
2006ko estatu kolpeaz geroztik krisia erabatekoa da; gizartea bitan banatuta dago. Erbestean den Thaksin Shinawatraren aldekoen —ustelkeria egotzi ostean Arabiar Emirerri Batuetan hartu zuen babesa— eta Alderdi Demokrataren jarraitzaileen arteko ezinikusia nabaria da. Dena den, zatiketa, politikoa baino gehiago, klaseen artekoa da.
Hain justu, nekazaritza gune pobreetan dauka batik bat sostengua lehen ministro ohiak. Une honetan erbestean badago ere, haren itzala inoiz baino handiagoa izan da hauteskunde kanpainan. Arrebak Puea Thai alderdiaren lidergoa aldarrikatu badu ere, oposizioak anaiaren ordezkaria izatea leporatu dio. Hain justu Thaksinek pentsatu, Puea Thaik egin, izan da alderdiaren leloa kanpainan. Izan ere, lehen ministro ohiak babes handia dauka, oraindik ere.
Iazko liskarrak gogoan
Bestalde, iaz Bangkoken alkandora gorridunen eta armadaren artean jazotako liskarrek ere bozetan isla izango dutela diote adituek. Izan ere, alkandora gorridunak kalera jo zuten hauteskunde askeak eskatzeko, Vejjajiva lehen ministroaren zilegitasuna zalantzan jarriz. Horrek, baina, armada bidali zuen kalera, eta 92 lagun hil zituzten, armarik gabeko zibilak gehienak. Alkandora gorridunek Thaksin Shinawatraren alde egin badute ere, mugimendua zabalagoa da. Iparraldeko nekazaritza eremuetakobiztanle pobreek eta eskualde eta barrutietako eliteek sostengatzen dute mugimendua, baita hirietako ikasle eta ezkerreko intelektualek ere.
Gizarte ongizatea garatzeko lan egin zuen Thaksin Shinawatrak agintean zenean; besteak beste, osasun sistema eta hezkuntza hobetzeko, eta horregatik babesten dute alkandora gorridunek. Oposizioak, berriz, populista izatea egozten dio.
Beste aldean daude militarren kolpea babestu zuten alkandora horidunak. Erregearen aldekoak dira, eta Vejjajiva lehen ministroa babesten badute, oposizioaren kontra daudelako da. Klase erdikoek, enpresariek eta militarrek osatzen dute mugimendua. Horiek, gainera, ez dute bozak egitea nahi, badakitelako galtzeko aukera guztiak dituztela.
Kasik 50 milioi lagunek 42 alderdiren artean hautatu beharko dute gaur, bozkatzea nahitaezkoa baita. Bozak krisi politikoa konpontzeko balioko ez dutelakoan daude, dena den, adituak. Kanpaina lasaia izan bada ere, atzo auto bat zartarazi zuten Bangkoken, polizia bat zaurituz. Inork ez du erasoa bere gain hartu.
Armadaren neutraltasuna jokoan da Thailandiako hauteskundeetan
Militarrek estatu kolpe bidez 2006an kanporatutako Thaksin Shinawatraren Puea Thai alderdia da bozak irabazteko faboritoHerrialdea krisian amilduta dago; zatiketa, politikoa baino gehiago, klaseen artekoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu