KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Armadarik ez Kataluniako "errepublika herritar parte hartzailearen" konstituzio proposamenean

Katalana hizkuntza ofiziala eta nazionala izatea proposatu dute, eta gaztelaniak estatus juridiko berezi bat izatea. Hamazazpi lagunek osatu dute proposamena, eta gaur aurkeztu diote Kataluniako Legebiltzarreko presidente Carme Forcadelli.

Constituim elkartekoak Carme Forcadelli konstituzio proposamena ematen. DANI CODINA
jon olano
2016ko maiatzaren 11
07:22
Entzun

Constituim taldeak ondu du konstituzio proposamena, aurretik eginiko hiru zirriborroren gainean osatua. Egileek aintzat hartu dituzte Santi Vidal epaile zigortuak zuzendutako Unanovaconstitucio.cat proiektua, Oriol Vidal Aparicio Konstituzio Zuzenbideko eta Zientzia Politikoetako irakasleak zuzendutako Constitucio.cat egitasmoa eta Independentziaren aldeko Ingeniariak taldeak eginikoa. Gaur aurkeztu diote Kataluniako Legebiltzarreko presidente Carme Forcadelli.

Internet bidez, herritarren milaka ekarpen jaso dituzte azken hilabeteetan, eta 148 artikulutan laburbildu dute konstituzio proposamena.

Vilaweb atariak zabaldu du agiria: proposamenaren arabera, Katalunia "zuzenbide estatu aske, burujabe, demokratiko, sozial, ekologikoa" da, eta Kataluniako herriari dagokio burujabetza. Estatu hori "errepublika herritar eta parte hartzailea" litzateke.

Hizkuntzei dagokienez, katalana hizkuntza ofiziala eta nazionala da, kataluniar guztiek jakin beharrekoa. Herritar  guztiek izan behar dute hura erabiltzeko eskubidea, eta erakunde publikoei dagokie hura babestu eta sustatzea. Gaztelaniak, berriz, "estatus juridiko berezia" luke, "ondare kultural" den heinean, eta hura ere "errespetatu, bermatu eta babestu" beharko litzateke. Aranera, berriz, ofiziala litzateke Aran bailaran nahiz Katalunia osoan.

Bailara horrek aitortua luke izaera nazionala eta erregimen juridiko berezia. Bere etorkizuna libreki determinatzeko eskubidea luke, konstituzio proposamenaren arabera.

Armada izan beharrean, segurtasun agentzia bat eta gatazkak konpontzeko nazioarteko institutu bat sortzea aurreikusten du testuak. Gainera, konstituziotik eratorritako legeriak zehaztuko luke Kataluniak nazioarteko defentsa erakundeetan parte hartu beharko lukeen, NATOn kasurako. "Armada klasikoen ideia zaharkitua" gainditu nahi dute horrela, dokumentuaren egileek azaldu dutenez.

Estatu akonfesionala

Ezein erlijiok ez luke izaera ofizialik izango, eta errepublikako presidentea gobernuko lehendakaria izango litzateke. Bost urtero aukeratuko lukete presidentea, eta gehienera behin errepikatu lezake karguan. Parlamentua litzateke maila nazionalean ordezkaritza ganbara bakarra, eta diputatuak bost urtetik behin hautatuko lituzkete. Zerrenda irekiak eta itzuli bakarra aurreikusten ditu konstituzio proposamenak.

Bestalde, Kataluniako Banku Zentrala eratzea proposatu dute egileek, finantza sistema arau dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.