Armeniarren genozidioa

"Armeniarrak desagerrarazi nahi dituzte"

arantxa elizegi egilegor
2014ko apirilaren 20a
17:03
Entzun

Duela ehun urte, komunikabideek ez zituzten gaur egungo baliabideak. Ez zen batere erraza nazioartean gertatzen ari zena jakitea, are gutxiago Mundu Gerra lehertu eta guztien arreta Mendebaldera desbideratu zenean. Hori bera baliatu zuten Otomandar Inperioan, aspaldian gogoan zuten operazioa egiteko: armeniar herria Anatoliako penintsulatik kanporatzea eta, bide batez, behin betiko suntsitzea. Ez zuten nahi, ordea, arriskurik, eta isilean egin zuten guztia. Zorionez, zail da neurri horretako sarraski bat egitea inolako lekukorik gabe. Horri esker, gaur eguneraino heldu dira orduko testigantzak, eta horiez baliatzen da bai nazioartea, bai Armeniako Gobernua bera ere, Turkiaren bertsioa gezurtatzeko. Armeniarren Genozidioaren Museoan jasotzen dira horietako asko.

"Inguruko herri eta barrutiak armeniarrez hustu dituzte, eta haien ondasunak turkiarren artean banatu. Armeniarrak desagerrarazi nahi dituzte", zioen Jesse K. Jackson diplomazialari estatubatuarrak, 1916an etxera bidalitako idatzietako batean. Beste estatubatuar batek, Henry Morgenthau enbaxadoreak, tortura krudelak eta sarraskiak aipatzen zituen etengabe bere gutunetan. Hark ez zuen zalantzarik egiten Istanbulgo agintarien asmoen inguruan: "Hauek ez dira muturreko mugimenduek bultzatutako erasoak, Konstantinoplak zuzendutako politiken ondorio baizik". Alemaniako ordezkariak ere, Turkiaren aliatu izanik, kezkatuta zeuden armeniarrenganako politikekin. "Turkiartasunaren izenean turkiar ez diren guztiak kanporatu eta hiltzen dituzte, eta indarrez bereganatzen haienak ziren ondasunak", ohartarazi zuen Paul Wolff-Metternich enbaxadore alemaniarrak.

Heriotzatik ihesi

Atzerriko diplomazialari eta agintarien lekukotzak ez ezik, genozidioa zuzenean jasan zutenen eta haien ondorengoen testigantzak ere agertuz joan dira denborarekin. Horietako bat da Tiruhi Khorozyan: "Adabazarren bizi ginen. Larri ihes egin genuen soldaduetatik. Bi egun egin genituen lasterka arroka eta zintzurren artean. Egarri ginen; ez genuen urik. Ama errekara jaitsi zen, eta izututa itzuli zen: urak gorrituta eta gorpuz beteta zihoazen".

Heghine Abrahamyan Karsen jaio zen, Armenia mendebaldean. "3 urte nituen lehen aldiz ihes egin behar izan genuenean, 1915ean. Adanara joan ginen. Ama 1918an hil zen, eta izebek Karsera, jaioterrira itzultzea erabaki zuten". Gerra amaitu berria zen, eta askok jokatu zuten haiek bezala. Erabaki okerra izan zen, ordea, turkiarrek beste behin haiekin ordaindu baitzuten gerra galdu izana. "1920ko azaroan turkiarrek berriz eraso zioten herriari. Ez ziguten handik ateratzen utzi nahi. Baina aita armadaren hornitzailea zen, eta, azkenean, orga bat utzi ziguten gure gauzak eramateko. Baina, tren geltokira heldu ginenean, guztia kendu ziguten. Bigarrenez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.