Hugo Chavez Venezuelako presidentearen osasunak ez du hobera egin eta arnasa hartzeko zailtasunak ditu, Komunikazio ministro Ernesto Villegasek jakinarazi duenez. Minbiziaren aurkako ebakuntza egin eta gero, arnas hutsegite bat izan zuen Chavezek, eta Villegasek azaldu du hutsegite horrek bere horretan jarraitzen duela. Edonola ere, minbiziaren aurkako tratamenduarekin jarraitzen du Chavezek.
Astelehenean itzuli zen Chavez Venezuelara, presidenteak berak Twitter sare sozialaren bidez jakinarazi zuenez. Caracasko erietxe militarrean da, eta itzuli zenetik gobernuak ez du eman presidentearen osasun egoeraren berri. Bart gauean Villegasek irakurritako oharra izan da Chavezen osasunari buruzko aurreneko informazioa.
"Gaixotasunaren tratamenduak aparteko arazorik sortu gabe jarraitzen du oraingoz", adierazi du Villegasek. Gaineratu du tratamendu hori "gogorra" dela eta "zailtasunak" dituela.