Zazpi marinel zihoazen Errusiako Armadaren batiskafoan itsaspeko mota bat ontzia ondoratu zenean. Moskuk Ozeano Barean duen ontziteriako buruzagi Victor Dmitrievek azaldu zuenez, marinelek 24 ordurako airea zuten atzo arratsaldean; ondorioz, agintariek ontzia ur azpitik ateratzeko laguntza eskatu zieten Washingtoni eta Tokiori. «Japoniako salbamendurako ontzia joan daiteke itsaspekoa dagoen tokiraino, baina ezin izango du astelehenera arte iritsi», azaldu zuen Dmitrievek. Hura ateratzeko saioak hasi zituzten atzo, baina zailtasunak izan zituzten, 60 tonako aingura bati lotuta zegoelako.
Kamtxatka penintsulako Petro-Pavlovsk portutik atera zen itsaspekoa. Itsas-azaletik 190 metroko sakonerara zegoenean arrantzarako sare batekin trabatu zen haren motorra. Hasieran, marinelek lau egunetarako airea eta elikagaiak zituztela esan zuten iturri ofizialek. Geroago, ordea, aireak 24 ordu soilik iraungo zuela esan zuten. Ontziko irratia matxuratuta zegoen arren, beste bitarteko batzuen bidez komunikatu ziren marinelekin. Hondoratutako itsaspekoa salbamendurako erabili ohi zuten, baina azken egunotan ariketa militarrak ari ziren egiten. Bestalde, ontzia sakonegi zegoen marinelak igerian irten zitezen. Duela bost urte inguru antzekoa gertatu zen Kursk itsaspekorekin ere. Han 118 marinel zihoazen eta ezin izan zuten tripulazioa handik atera. Guztiak hil ziren eta nahikoa egin ez izana leporatu zioten Moskuri.
Arrantzarako sare batean harrapatuta geratu da itsaspeko bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu