«Sandy ekaitz suntsitzailea izan da, agian historian eduki dugun okerrena». Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak urakanari buruz atera duen ondorioa izan da. Chris Christie New Jersey estatuko gobernadorea ere halatsu mintzatu da: «Inoiz ez nuen pentsatuko hainbertzerainoko izanen zenik». Sandy urakanaren haizete eta eurite gogorrenak pasatu dira New Yorketik eta New Jerseytik, arrasto sakona utziz. Gutxienez 30 hildakoren berri eman dute —horietako bat Kanadan—, eta txikizioen zerrenda hagitz luzea da. AEBetako Gobernuaren lehen kalkuluek 20.000 milioi dolarretan kalkulatu dute galera —15.425 milioi eurotan—. Barack Obama presidenteak «hondamendi larriko gune» izendatu ditu Sandy-k igarotako New Yorkeko eta New Jerseyko eremuak. Ekaitz tropikal bihurtuta, Pennsylvanian barneratu zen Sandy atzo, ipar-ekialderako norabidea hartuz, Quebec eta Kanada aldera.
Urakanak lurra jo zuenean, orduko 125 kilometroko haizeteak zituen. Olatuak, berriz, lau metro baino garaiagoak ziren, hasierako aurreikuspenak gaindituz. Horrek uholdeak eragin zituen hainbat eremutan, bereziki New York hirian. Bloomberg alkateak atzo goizean egindako agerraldian hamar hildakoren berri eman zuen, baina ohartarazi zuen litekeena dela orduak pasatu ahala zifra igotzea. Urakanak jotako eremu osoko hildakoen zifra ofizialak ere goiti egin zuen atzo, egunaren hasieran hamabortzen berri eman baitzuten, eta ondoren 30era igo. New York estatuan eman dute hildako gehienen berri, hirian hildakoez gain, bertze bortz biktima izan direla jakinarazi baitu Mario Cuomo gobernadoreak. Gainerako hildakoak Marylanden, Connecticuten, New Jerseyn, Pennsylvanian, Virginian, Mendebaldeko Virginian, Kanadan eta HMS Bounty belaontzian izan dira —tripulazioko hamasei kideetatik bat zendu da, eta kapitaina desagertuta dago—. Aitzineko egunetan Karibeko uharteetan utzitako biktimei gehituz gero, Sandy-k ehun lagun inguru hil ditu.
Biktimez gain, hondamendi materiala erabatekoa izan dela jakinarazi dute agintariek. AEBetako ipar-ekialdean, Quebecen eta Kanadako hego-ekialdean 50 milioi lagun bizi diren eremua gurutzatzen ari da Sandy —horietako hemezortzi milioi soilik New York hirian eta inguruetan bizi dira—. Ia zortzi milioi etxebizitza argindarrik gabe gelditu dira hamar estatutan, Energia Departamentuak jakinarazi duenez. Bloombergek emandako datuen arabera, berriz, 750.000 lagun gelditu dira argindarrik gabe New Yorken. Con Edison konpainiak jakinarazi duenez, Manhattan eta Brooklyn auzoetan lau egun beharko ditu argindarra erabat berrezartzeko, eta Sandy-k kaltetutako gainerako eremuetan «gutxienez astebete». Iazko abuztuan Irene ekaitz tropikalak argindarrik gabe utzitakoen kopurua ia laukoiztu egin du Sandy-k. Gainera, hiru zentral nuklear alerta egoeran jarri dituzte, horien artean New Jerseyko Oister Creek, AEBetako zaharrena.
Garraio publikoa ere geldiarazi egin du urakanak. Washington hiriburuan eta Filadelfian eguerdian paratu zuten martxan berriz ere. New Yorken larriagoa da egoera. Metroko galeria anitz urak hartu ditu, eta Bloombergek erran du ezin dutela zehaztu noizko irekiko duten. Hiriko uharteak lur azpitik elkartzen dituzten tuneletan ere ura sartu da. Zubi batzuk, ordea, ireki egin dituzte. New York eta New Jersey hiriak elkartzen dituen tren zerbitzua astebete edo hamar egunez etenda edukiko dute. Bertze hainbat eskualdetako tren zerbitzuak ere etenda daude, trenbide sareak jasandako kalteengatik. FlightAware webguneak kalkulatu duenez, berriz, 15.000 hegaldi inguru bertan behera gelditu diraAEBen ekialdean. New Yorken, uholdeekin batera, txikizio handia eragin dute suteek; Queens auzoan 50 etxebizitza suntsitu dituzte. Urakanak jo dituen estatuetatik mendebalderago, berriz, Appalache mendikatearen ingurukoetan elurte handiak sortu dira Sandy-ren ondorioz.
Kanpainaren atzera kontua
Hondamendia hauteskundeetarako astebeteren faltan gertatu da. Kanpainako ekitaldi ofizialak bertan behera utzi zituzten atzo ere Obamak eta Mitt Romney hautagai errepublikanoak. Presidenteak jakinarazi du, gainera, gaur ez dela eginen Ohion prestatua zuen ekitaldia. Swing estatua da Ohio, hau da, presidentea hautatzeko giltza dutenetako bat. Romneyk, ordea, Floridan berrekinen dio gaur kanpainari.
Ekitaldi ofizialak bertan behera utzi arren, azaroaren 6rako atzera kontuak segitzen du, eta hautagaiek egin edo erraten duten orok eragin lezake botoan. George Bushek Katrina urakanari emandako erantzun kaskarra gogoan, Obamak Etxe Zurian itxaron dio Sandy-ri, krisiaren kudeaketa zuzentzeko. Washingtonen Gurutze Gorriaren egoitza bisitatu zuen atzo, eta iragarri du gaur New Jerseyra joanen dela kalteak bertatik bertara ikusteko. Presidentearen protagonismoari aurre egiteko, kaltetuen alde diru bilketa egiteko ekitaldi bat prestatu zuen Romneyk atzo Ohion.
AEBak. 'Sandy' urakana
Arrasto sakona utzi du
'Sandy' urakana New Yorketik inoiz igaro den okerrena izan litekeela adierazi du Michael Bloomberg alkateakAEBetako eremu kaltetuenak «hondamendi larriko gune» izendatu ditu Obamak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu