Alemania

Arrazakeriaren aurkako oihu bihurtu da Berlin

Milaka eta milaka herritar —iturriaren arabera, 100.000 eta 240.000 artean— atera dira kalera, ultraeskuinak azkeneko asteetan zabaldu dituen mezu xenofoboei aurre egiteko asmoz.

jarraia158017.jpg
2018ko urriaren 13a
09:08
Entzun

Gizarte ireki eta aske baten alde: elkartasuna, eta ez bazterkeria. Lelo horrek bildu du jende olde bat Berlingo kaleetan larunbat eguerdi honetan. Alexanderplatzen elkartu dira manifestariak, eta Garaipenaren Zutabean bukatu dute. Ekitaldia eta kontzertuak egin dituzte bertan, arrazakeriaren aurkako mezu argi bat eman nahian.

Dozenaka antolatzaile eta sustatzaile izan ditu martxak. Amnesty International, Musulmanen Kontseilua, errefuxiatuak artatzeko laguntza elkarteak... Alderdi politiko batzuen babesa ere jaso du manifestazioak; SPD sozialdemokraten, Berdeen eta Die Linkeren ordezkariak bertan izan dira. Baita sindikatuak eta kultur arloko pertsona ezagunak ere. Unteilbar izeneko plataforma bat antolatu dute, gaurko martxa egiteko; zatiezina esan nahi du.

Abuztu bukaeran alarma piztu zen Alemanian. Chemnitzen (Saxonia) 35 urteko gizon bat hil zuten liskar batean, atzerrian jaiotako bi gazteri egotzi zieten hilketa, eta harrezkero istilu handiak gertatu ziren. Zenbait talde ultraeskuindarrek protestak antolatu zitzuten, liskarrak gertatu ziren poliziekin eta talde antifaxistekin, eta nazien agurra egiten agertu ziren neonazi batzuk protesta horietako batzuetan —legeek debekatua dute keinu hori—. Eraso xenofoboak gelditzeko eskatu ere egin zuen Angela Merkel kantzilerrak.

Gertaera haiek piztutako kezkaren isla izan da gaurko protesta. Antolatzaileek argi utzi nahi izan dute Alemanian xenofobiak ez duela lekurik, eta gizarte ireki eta anitz baten alde egin dute. Nabarmendu dute Chemnitzeko gertakariak ez direla Alemania guztiaren ispilu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.