«Begi bistakoa da egoera ez dela batere ona Israelentzat, gero eta bakartuago baitago», adierazi du Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak Israelera egindako bisitaldian. «Ekialde Hurbileko potentzia militar handiena izan arren, ostrazismo diplomatikoak eragina izan dezake herrialdeko eta eskualdeko segurtasunean», Panettaren ustez. Hala, Washingtonen babesa berretsi du, arriskua dagoen bitartean AEBak Israeli «beharrezkoa duen segurtasuna bermatzeko prest» egongo direla esanez. Era berean, «ausardiaz jokatzeko» eskatu die bai palestinarrei bai israeldarrei.
Segurtasunaz eta beste hainbat gaiz hitz egiteko bildu zen atzo Panetta Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroarekin; besteak beste, palestinarrekin elkarrizketak hasteko eta Egiptorekin eta Turkiarekin harremanak hobetzeko eskatu dio. «Lagun zaharra dugu Panetta, lan handia egin du Israelen eta AEBen arteko harreman berezia sendotzeko», eskertu dio Barakek. Bi urte eta erdiz CIAko buru izan zen, eta iragan uztailean izendatu zuten Panetta Defentsa idazkari. Dena dela, palestinarrei ere keinua egin die Panettak, AEBetako Kongresuak PalestinakoAginte Nazionalarentzat 200 milioi dolarreko diru laguntza etetea «hutsegitea» dela adierazi baitu; Mahmud Abbas PANeko presidenteak NBEn Palestina eskubide osoko estatu kide gisa aitortzeko egindako eskariagatik itxi dio iturria AEBetako Kongresuak PANi. Panettak eta Abbasek bilera egin zuten atzo Ramalan.
Nazioarteko politikariak Israelen segurtasunaz ari diren bitartean, bestalde, meskita bati eraso egin diote Galilea eskualdeko Tuba Zangarija herrian, Israel iparraldean. «Argi dago muturreko juduak daudela erasoaren atzean», esan du Roni Atia komandanteak. Astelehen goizaldean eman zioten su meskitari, eta arabiarren kontrako grafitiak egin zituzten hormetan. Geroago, 300 beduino arabiar inguruk protesta egin zuten, eta Poliziak negar gasekin erantzun zien. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du horrelako erasoak onartezinak direla. «Galileako erasoa Israelgo Estatuaren erlijio eta kultu askatasunaren kontrakoa da», adierazi du.
Israel, Laukotearekin bat
Tel Aviveko gobernuak Ekialde Hurbilerako Laukotearen proposamenari baiezkoa eman eta biharamunean etorri da meskitaren erasoa. Izan ere, palestinarrekin negoziazioei ekiteko prest dagoela baieztatu zion igandean Netanyahuk Laukoteari; halere, argi laga du ez duela etengo kolonien politika.
Palestinarrek bi baldintza jarri dituzte negoziazio mahaian jartzeko: 1967ko mugak onartzea eta kolonien politika etetea. Laukotearen proposamenak, ordea, ez du baldintzarik aurreikusten, Israelek nahi duen bezala, eta hilabeteko epean bi aldeak hizketan hasteko eskatzen du. Netanyahuk jarrera aldatu ezean, ordea, PAN ez da mahaian jarriko.
Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn
Arriskua saihesteko, AEBek «Israelen segurtasuna» bermatuko dute
Muturreko juduek su eman diote meskita bati Galilean, eta istiluak izan dira beduinoen eta Poliziaren artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu