Beste kolpe bat jaso du herri maputxeak. XIX. mendearen bukaeratikatzera eta atzera dabil eremuari dagokionez. Andeen bi aldeetan, hala Txilen nola Argentinan, bizi den eta lurrarekiko atxikimendu berezia duen herri honen biziraupenerako eta duintasunerako borrokak epaile baten ebazpenarekin egin du topo, Argentinako Chubut probintziako Esquel hirian: «Bi maputxek okupatutako lurrak Benetton konpainiarenak dira».
Epaiketa duela bi urte hasi zen, Rosa Nahuelquir eta Atilio Curiñanco senar-emazteek beren jatorrizko eskualdean 300 hektareako lur sail abandonatu batean kokatu eta gutxira, Italiako Benetton oihal enpresak jarritako usurpatze salaketagatik. Konpainiak 900.000 hektarea ditu Argentinako Patagonian. Joan den ostegunean, Jorge Eyo epaileak usurpatza kargutik errugabe jo zituen Atilio eta Rosa, zigor auzibidean. Haatik, Benettonek abiatutako auzibide zibilean erruduntzat jo eta bizileku hartutako lurretatik alde egitera behartu zituen atzo. Bikote maputxearen abokatuek auzitan jarri zituzten Benettonek dituen jabetza tituluak, eta eztabaida hori beste epaiketa zibil batean bideratzea galdegin zuen. Funtsean, diote maputxeek, benetako eztabaida Patagoniaren eta Amerika osoaren konkista eta lurren banaketa bidegabea da. «Ezin dugu gure lurra usurpatu, lur honen zati gara eta bertan bizi nahi dugu. Benettonek ezin gaitu usurpatzailetzat jo; bera da usurpatzailea», adierazi zuten Atiliok eta Rosak, hauek sostengatzera agertutako 200 pertsonen aurrean, maputxe eta maputxe ez zirenen aurrean. Senar-emazteen esanetan, lurrak beren arbasoenak izan dira hainbat belaunalditan, eta Chubut probintziako Kolonizazioaren Institutu Autarkikoak eman zizkien. Lur publikoak zirela zehaztu zuten.«Argentinako lurjaberik handienak usurpazioaz akusatu gaitu. Eta borrokan dabiltzan gure komunitateei erasotzen dien aldi berean, gure herriaren batasuna hausten saiatzen da», salatu zuen Jorge Millanek, eskualdeko maputxeen buruetako batek.Benetton enpresak, berriz, esan zuen bikotea legez kanpo jarri zela bereak ez diren lurretan. Gainera, duela 100 urteko jabetza tituluak dituela ziurtatu zuen, eta auzia bikotearekin soilik dela, ez maputxeen komunitate osoarekin. Joan den hamarkadan Carlo eta Luciano Benetton enpresagizon italiarrek lur eremu handiak erosi zituzten Argentinako Patagonian, ekoizten dituzten oihal eta jantziak egiteko beharrezkoak diren ardiak hazteko.
Lurraren jendea
Izena eta izana. Lurrak ematen die nortasuna maputxeei. Lurraren Jendea dira beren hizkuntzan, mapudunguneran.
Azken 300 urteotan maputxeentzat arrotzak diren lau eragilek urratu dute haien lurrarekiko harremana: Espainiako konkistatzaileek, Txilek, Argentinak eta enpresa multinazionalek. Azken horien artean, Endesa eta Benetton daude, besteak beste. Guztiak ere indarrez sartu dira maputxeen lurraldean. Espainiako Armada Andeetara iritsi ahala bukatu zen bakea maputxeentzat. Baina komunitate indigena hau ez zen Espainiako koroara makurtu. Aitzitik, Europako metropoliak Hego Amerikan mende hartu ez zuen herri bakarrenetakoa izan zen. Alabaina, maputxeen independentziak ez zuen 1881. urtea gainditu. Orduan hasi zen herri maputxearen gainbehera. Txileko Armadak haren lurrak inbaditu eta errepublika sortu berriaren mende geratu zen erabat. Andeen beste aldean gauza bera egin zuen Argentinako Armadak. Maputxeen herria bi estatuen artean zatitua geratu zen. Txileko Armadaren inbasioa hasi zenean 10 milioi hektareako lurraldea zena 600.000 hektareatara murriztua utzi zuten okupazio indarrek. 1990ean, berriz, 200.000 hektarea pasatxo zituen maputxeak bizi ziren eremuak. Egun, maputxeak komunitateetan bizi dira, berena izandako lurraren zati handi bat galduta. Txileko Gobernuak erreserbetan sartu zituen joan den mendean, eta lurrak kentzeko prozesua ez da oraindik amaitu. Lurrak kentzeak maputxeak hirietara emigratzea eragin du. Maputxeak, sustraiei fidel izango badira, nekez bizi daitezke lur sailik gabe. Hirietara joan izanak ondorio kaltegarriak izan ditu maputxeengan gizarte, nortasun, kultur eta ekonomiaalorretan. Hiriko bizimoduan deserroturik daude, zokoratuak. Kualifikaziorik ez izaki, maila baxueneko lanak egin eta halako soldatak dituzte. Kulturari dagokionez, Mendebaldeko kultura indartsuagoa da hirietan, nekazari guneetan baino, eta maputxe jatorriko batzuk beren kultura alboratzen joan dira. Hirietan nortasuna ere galdu dute. Askok eta askok mintzaira alboratu dute. Maputxeen erdiek-edo hitz egiten dute beren hizkuntza. Lurrik ez, hizkuntzarik ez, nortasuna kolokan...
MAPUTXEEN KOMUNITATEAK
Arropa, garesti maputxeentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu