"Demokratikoki matxino" sentitzen dela aitortu du gaur goizean Artur Masek Catalunya Radion egin dioten elkarrizketan. Hala ere, adierazi du ez zuela Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren agindua desobeditu azaroaren 9ko galdeketara deituta. Izan ere, hasierako asmoa alboratu egin zuten auzitegiak Generalitatearen dekretua baliogabetu ostean, eta, azkenean, herri galdeketa egin zen. Kataluniako Auzitegi Nagusiak inputatu egin du, ordea, eta urriaren 15ean joan beharko du epailearen aurrera deklaratzera. Lluis Companys presidentea fusilatu zuteneko 75. urteurrena da datorren hilaren 15a. Auzitegira Companysen omenaldian parte hartu eta gero joango dela adierazi du Masek.
Masek azaldu du galdegin ziotela Konstituzionalari galdeketaren igurumarian zehazki zer debekatu zuen, baina auzitegiek ez zietela erantzun zehaztu du. Espainiako Estatua "baldar" ari dela jokatzen uste du Masek, eta bera paretik kentzeko asmoarekin jarraitzen duela. Bere kontrako kereila "amorraturik dagoen gobernu baten erantzuna" dela erantsi du. Inhabilitazioaren aukeraz galdetuta esan du unea iristen denean aurre egingo diotela.
Generalitateko presidente izateko bere balizko hautagaitza ere izan du hizpide. Junts pel Si-k soilik ez duela proposatzen zehaztu du; 1,6 milioi hautesleek hautagaitza hori bozkatu zutela nabarmendu du. CUP alderdiari erantzunez esan du berea ez dela izan murrizketen gobernua; "Madrilek inposaturiko murrizketak ahalik eta duintasun eta sentsibilitate handienarekin kudeatuko ditugu".
Madrilen politikak berriro ez ezartzeko, independentziaren bide orriari heldu behar zaiola uste du Masek. Eta berriro ere CUPi zuzendu zaio esateko ez direla iritsi une honetara orain guztia hankaz gora jartzeko, "ni saiatuko naiz ez egiten".
Sanchez, "erreformismoaren" alde
Espainiako Kongresaren osoko bilkura hasi aintzin, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ukatu egin du Masen inputazioan eragin dutenik. Hori leporatzea "faltsua eta injustua" dela esan du. "Botere banaketa dago; egingo dugun gauza bakarra auzitegien erabakiak errespetatzea eta betetzea izango da", gaineratu du. Atzo Rafael Catala Justizia ministroak esan zuen hauteskundeak pasa arte itxaron zela inputazioen berri emateko.
Kataluniako hauteskundeen harira PSOEri "distantziakidetasunez" jokatzea leporatu dio Rajoyk. Bere esanetan, PSOEko buru Pedro Sanchezek hala jokatu du Konstituzioaren defentsaren eta Kataluniako tesi independentisten artean.
Sanchezek, berriz, "inmobilismoa" alboratzeko eskatu dio Rajoyri, eta "erreforismoari" bide ematea galdegin dio. Sanchezek Katalunia batu eta "Espainiaren batasuna hobeto artikulatzeko" konpromisoa hartu du hurrengo hauteskundeetan Moncloan agintzeko hautatuko balute. Konstituzioaren erreforma ere agindu du.