KATALUNIA

Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidente izendatu dute

Bere gobernu programa aurkeztu zuen atzo Artur Masek, eta gaur egin dute bozketa. ERCk babestu du Mas, eta 71 boto eskuratuta da presidente.

2012ko abenduaren 21a
15:36
Entzun

Ez da sorpresarik izan Kataluniako Generalitateko presidentea aukeratzeko inbestidura saioan, eta Artur Mas Convergencia i Unio koalizioko hautagaia izendatu dute presidente. Bere alderdiaren 50 parlamentarien eta ERC Esquerra Republicana de Catalunyako 21 hautetsien babesa jaso du, beharrezkoa zuen gehiengo absolutua lortuz —125 eserleku ditu parlamentuak—.

Artur Masen izendapenaren kontra bozkatu dute gainerako alderdiek. 63 boto batu dituzte ICVk, PSCk, PPCk, Ciutadansek eta CUPek, eta beraz, Masek ez du bigarren itzulirik behar izan. ERCrekin eginiko akordioaren arabera, autodeterminazio erreferendum bat egingo dute Katalunian 2014. urtean.

Presidente izendatu dutenean, parlamentarien txaloak jaso ditu Masek, PPCko eta Ciutadansekoenak izan ezik. Oriol Junqueras ERCko presidentea izan da Mas zoriontzen lehena, eta haren ondoren izan dira, PSCko buru Pere Navarro, ICVko buru Joan Herrera eta CUPeko talde parlamentarioko presidente David Fernandez.

Masek Alicia Sanchez Camacho PPko buruarekin izan du eztabaida sutsuena. Galdeketa "legez kanpokoa" dela aurpegiratu dio Camachok Masi, eta hark erantzun dio ea nor den PPC herritarren borondatea zapuzteko. Gainera, Espainiako Konstituzioa harresi gisa ez jartzeko eskatu eta arau hori "aldatu eta interpretatu" egin daitekeela azaldu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.