katalunia

Artur Masek aitortu du independentzia prozesuak "partekatua eta zeharkakoa" izan beharko duela

Katalunian "agenda politikoaren erdigunean" erabaki eskubidea dagoela esan du CiUren presidentegaiak. Arratsaldean hasi dute Generalitateko presidentea izendatzeko inbestidura saioa. Bihar izango da bozketa, eta CiUkoa hautatuko dute lehendakari. Aurreko agintaldiko murrizketak justifikatu nahian aritu da Mas. Junqueras: "Helburuak CiU-ERC akordioa baino askoz zabalagoak dira". PSC abstenitu egingo da galdeketari buruzko ekimen denetan.

Samara Velte.
2012ko abenduaren 20a
21:21
Entzun

Artur Mas CiUren Kataluniako Generalitateko presidentegaiak aitortu du bere koalizioak azaroaren 25eko legebiltzarrerako hauteskundeetan ez zituela esperotako emaitzak erdietsi —aurreko bozetan baino hamabi diputatu gutxiago lortu zituen: 50—, baina autodeterminazioaren aldeko indarrak parlamentuan orain lehen baino gehiago dira —bat gehiago—, eta Masek inbestidura saioko hitzaldian horixe azpimarratu du, herritarrek galdeketa egitea nahi dutela. "Kataluniak bere etorkizuna erabakitzea nahi du, eta hori dago orain agenda politikoaren erdigunean", adierazi du, eta, halaber, aitortu du independentzia prozesuak "partekatua eta zeharkakoa" izan beharko duela. ”Herritarrek lidergo mota hori eskatu dute”.

CiUk eta ERCk 2014an galdeketa egiteko sinatutako hitzarmeneko laugarren puntuak dio trantsizio nazionalerako Kataluniako Kontseilua sortu dutela kontsulta prestatzeko, eta erabaki eskubidearen aldeko alderdiek, eragile sozial, ekonomiko eta kulturalek, eta "prestigioko" lagunek osatuko dutela kontseilua. Masek gaur ”ahal den adostasun zabalena” eskatu dio Kataluniako parlamentuari. 

Datorren gobernuak, galdeketa prestatzearekin batera, "estatu propiorako egiturak" prestatzen hasteko asmoa du, CiUren presidentegaiaren arabera: finantza arloan, Kataluniako banku publikoa; mossoak ”polizia integral” bihurtu; tokiko administrazioaren sinplifikazioa; eta munduari prozesuaren berri ematea.

Azkenaldian bezala, berriro esan du Kataluniak lagundu izan duela "Espainia modernoago bat sortzen", "baina itxaropen horiek zapuztuta gelditu dira”.

Aurreko agintaldiko murrizketak justifikatu nahian aritu da: ”Krisiak gure mugak gainditzen ditu Ekonomikoki gu baino hobeto dauden herrialdeetan ere egin dituzte Katalunian bezain murrizketa plan zorrotzak”. Aurrera begira Kataluniak biltzen dituen zerga guztiak kudeatzeko gaitasuna izan behar duela nabarmendu du. "Hori gertatzen ez den bitartean, ezingo diegu aurre egin zailtasun ekonomikoei”.

ERC: "Helburuak CiU-ERC akordioa baino askoz zabalagoak dira"

Masen ondoren Oriol Junqueras ERCko presidente eta legebiltzarkideak hartu du hitza. Hura ere galdeketaz mintzatu. ”Herritarrei libreki hitz egiteko aukera emango dien agintaldia izango da datorrena. Horrekin konprometitzen den hautagaia babestuko dugu, baina helburuok CiU-ERC akordioa baino askoz zabalagoak dira. Gizarte osoaren konpromisoa behar dute”.

Pere Navarro PSCko buru eta legebiltzarkidea ere mintzatu da. ”PSC galdetzeko eskubidearen alde dago, eredu federal baten mesedetan. Galdeketara bidean, ez dugu oztoporik jarriko. Iragartzen dizuet gu beti abstenitu egingo garela gai honetan. Mas eta Junquerasen proiektua da hori”.

Bozketa, bihar

16:30ean hasi da Mas Kataluniako presidente izendatzeko saioa. Hark gobernu programa aurkeztu ondoren, parlamentuko taldeen txanda izan da —gaur ERC eta PSCrena; bihar, besteena—. Lehendakaria hautatzeko bozketa bihar egingo dute.

CiUk parlamentuko 135 legebiltzarkideetatik 50 aulki lortu zituen bozetan, ERCk 21 (+11). PSCk 20 eskuratu zituen, PPk 19, ICVk 13, Ciutadansek 9 eta CUPek 3. Autodeterminazioaren aldeko indarrak parlamentuaren %64 dira —CiUri eta ERCri ICV eta CUP batuta—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.