Dimisioa emango duela jakinarazi du Rowan Williamsek, Canterburyko artzapezpikuak (Swansea, Gales, 1950), Eliza anglikanoan emakume gotzainen lege polemikoa uztailean onartu aurretik. Emakumeen aldeko jarrerak kritika ugari eragin dizkio Williamsi; berak esana da, «hainbat mugarri» dauzkala Elizak aurten, emakumeen eztabaidan batez ere, eta «aldatzeko» unea heldu dela.
Bere kargutik liberalen eta kontserbadoreen arteko borrokei aurre egin behar izan die hamar urtean; Irakeko gerraren kontrako eta gay eta lesbianen ezkontzen, apaiz homosexualen eta emakume gotzainen aldeko eztabaidetan nabarmendu da.
Williams anglikanoen buru izan den bitartean Ingalaterrako Eliza apurtzeko zorian ikusi du, homosexualak apaiztearen kontura. Anglikanoen artean homosexualitatearen inguruko eztabaida egon zen AEBetako Eliza episkopaliarrak Gene Robinson apaiztea onartu zuenean, 2004an. Williamsek babestu egin zuen, emakumeen artzapezpikutzea bezainbeste, eta haren adierazpenek kontserbadoreak sutan jarri zituen; batzuk Eliza katolikora joan ziren. Vatikanoak erakunde berezia sortu zuen iaz katoliko bilakatu nahi dutenentzat.
Dimisioaren ostean, John Sentamu Yorkeko artzapezkiku kontserbadorea da kargurako hautagai sendoena. Elisabeth II.a erreginak izendatuko du ordezkoa, «egokia den momentuan», hautatzeko batzordearen arabera.
Cambrigeko Unibertsitatera joango da, irakasle, «gustura joan ere», teologia ikasle izan zen leku berera, eta karguak utzi ez dion denbora baliatzera, «gogoetak idazteko». Lehenagotik ere hainbat gogoeta liburu idatziak dauzka, eta poema liburu bat ere bai. Jane Paul teologoarekin ezkondua dago, eta bi haur dauzka. •
Pertsonaia. Rowan Williams
Artzapezpiku polemikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu