Alerta gorrian dago Asiako ipar-ekialdea, denboralea sortzen ari den kalte handiengatik. Etau ekaitz tropikala Japoniara heldu da eta tokiko agintariek jakinarazi dutenez, dagoeneko hamar hildako eta kalte material handiak eragin ditu. Morakot tifoiak, berriz, Filipinak, Taiwan eta Txina astindu ditu eta 24 lagun zendu dira.
Japonian ekaitz tropikala herrialdearen erdigunera sartuko dela iragarri dute eta 47.000 lagunek etxebizitzetatik ateratzeko agindua jaso dute. Alerta egoera horretan zenbait hegaldi eta tren zerbitzu eten dituzte baita errepideak moztu ere. Izan ere, Japoniako Meteorologia Agentziak 126 km/h-ko haizeak, uholdeak eta olatu handiak eragin ditzakela aurreikusi du.
Morakot tifoiak, aldiz, hamaika hildako utzi ditu Filipinetan eta hamabi Taiwanen. Txinan, gutxienez haur bat hil da denboralearen eraginez eta milioi bat lagun atera dituzte euren etxebizitzetatik.
Luizi batek ehunka lagun harrapatu ditu Taiwanen
Aurreko egunetan Morakot tifoiak Taiwanen utzitako ur kantitate handiek, lur jauzi handia eragin du mendiko Shiao Lin herrixkan. Bertako Polizia iturrien arabera, ehunka lagun azpian harrapatu ditu.
Horren aurretik, helikopteroz ehun lagun erreskatatu ahal izan zituztela azaldu dute. Erreskatatutako lagun batek adierazi du, seiehun izan daitezkeela lokatza eta harriaren azpian harrapatuta geratu direnak.
Mundua
Asiako ipar-ekialdean 34 lagun hil dira, denboralea dela-eta
Alerta gorrian daude, 'Etau' ekaitz tropikala Japoniara heldu eta 'Marokot' tifoiak Filipinak, Taiwan eta Txina astindu dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu