Askatasuna edo iraina

Frantziako Gobernuak adierazpen askatasunaren aldeko mezua berretsi du, Mahomaren karikaturen hariraBideoa saretik kentzeko eskatu du bertan parte hartu zuten aktoreetako batek

mikel rodriguez
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Mendebaldeko herrialde nagusiek tentsio handiko eguna espero dute gaur herrialde musulmanetan. Horregatik, Frantziak, Alemaniak eta AEBek hainbat enbaxada eta ordezkaritza ixteko agindua eman dute. Mahoma iraintzen duen bideoak piztutako sua bizi-bizirik dagoela, Frantziako Charlie Hebdo aldizkari satirikoak islamaren profetaren inguruan argitaratutako karikaturek erregai gehiago eman diote musulmanen amorruari. Alemaniako Titanic aldizkariak ere urriko alerako karikatura bat prestatu duela jakinarazi du. 2005ean Danimarkan argitaratutako karikaturen harira sortutako eztabaida berpiztu da, adierazpen askatasunaren eta irainaren arteko mugaren ingurukoa.

Charlie Hebdo-k Frantzia paratu du jomugan. Gobernuak adierazpen askatasunaren aldeko mezua berretsi du, «sakratua» eta «ukiezina» dela erranez. Bernard Cazeneuve Europako Gaietarako ministroak erran duenez, «laikotasunaren printzipioa» errespetatu behar da eta erlijioak kritikatzeko eskubidea defendatu. «Aske garenean, baina, hitzak neurtu behar ditugu», zehaztu du Cazeneuvek, Charlie Hebdo-ri ohartarazpen xumea eginez.

Alemaniako Titanic aldizkariko zuzendari Leo Fischerrek adierazi duenez, baina, Mahoma irudikatuz ez dute profeta iraintzeko asmorik. Argitaratutako zirriborro batean gerlari musulman bat ageri da, Bettina Wulff —Christian Wulff Alemaniako presidente ohiaren emaztea— besoetan duela. Mendebaldea hankaz goiti: Bettina Wulffek Mahomari buruzko film bat egin du izenburua jarri diote. «Ohartarazpen bat egin nahi izan dugu gaizki egindako film iraingarriei buruz, baina, batez ere, modatik pasatuta dagoen jende ospetsuak islamari egindako kritika merkearekin etekinak ateratzeko dituen asmoei», azaldu du Fischerrek. Charlie Hebdo-ren karikaturak «nahiko baldarrak» direla uste du.

2005ean, ordea, Danimarkako Jyllands Posten aldizkariak egindako irudiak argitaratu zituen Titanic-ek. Karikatura haren egileak, Kurt Westergaardek, egindakoarengatik damurik ez duela berretsi dio Austriako News aldizkariari. «Mendebaldea ezin dute zentsuratu demokraziaren aurka dauden agintari islamikoek». Irudiak argitaratu zituenetik, bizkartzainek eta Poliziak zainduta bizi da Westergaard, hiltzeko mehatxuak jaso dituelako. Karikatura horien harira mundu osoan izan zen protesta oldean ehun lagunetik goiti hil ziren.

Denek ez dute adierazpen askatasunarekiko iritzi bera, ordea. Frantziako Le Point aldizkariak Facebooken duen gunean Charlie Hebdo-ren karikaturak jarri zituen, honako titulu honekin: «Zergatik jolas egiten du Charlie Hebdo-k suarekin?». Facebookek Le Point-en gunea kendu zuen handik ordubetera, irudiak paratuta sare sozialaren araudia errespetatu ez duelakoan.

Mahoma iraintzen duen bideoa saretik kentzeko eskaera ere egin dute. Hain zuzen, bertan agertzen den aktore batek egin du. Cindy Lee Garciak engainatu egin zutela dio, eta bideoa grabatu zutenean ez zela ez Mahomaren, ez sexuaren inguruko aipamenik egin. Bideoa «moralaren aurkakoa» eta «iraingarria» dela erran du. Kaliforniako auzitegi batean Googleren aurkako salaketa bat paratu du —hura da YouTuberen jabea—, bideoa ken dezan.

Nagusitasun moralaren ustea

Karikaturen eta bideoaren harira musulman anitzek Mendebaldeari egozten diote etnozentrismoa eta nagusitasun moralaren ustea. Horien kutsua dute Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak eta Irakeko inbasioaren sustatzaile nagusietako batek aste honetan bideoaren aurkako protestei buruz emandako interpretazioa. Blairren iritziz, Mendebaldeak Ekialde Hurbileko «demokrazia berriak hezi» egin behar ditu. «Herrialde horien lidergoa hartubehar dugu eta erran: 'Begira, badago bide moderno eta egoki bat fede erlijiosoa eta demokrazia gizartean bateratzeko'». Herrialde islamikoen «modernizazioak» belaunaldi bat baino gehiago iraungo duela uste du Blairrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.