Mundua

Askatze operazioa zapuzteko Clara Rojasen semea bahitu izana leporatu dio FARCek Kolonbiako Gobernuari

Akordioa sinatu bitartean haurra Bogotara eraman eta konfiantzazko pertsonen esku utzi zutela agertu dute, borroka eta eraso militarretatik urruntzeko. Egoera hori baliatuz Uriberen Gobernuak bahitu egin zuela diote.

2008ko urtarrilaren 5a
18:50
Entzun
Kolonbiako FARC gerrillak Alvaro Uribe presidentearen Gobernuari leporatu dio beren menpe dituzten bahitutako hiru lagun aske uzteko operazioa zapuztu izana. Hain zuzen ere, gatibu zituzten hiru pertsona horietako bat, Clara Rojas politikariaren semea, bahitu izana egozten diote, hartara FARCi sinesgarritasuna kendu eta operazioa aurrera egin ezinda uzteko.



Duela zenbait urtetik bahituta dituzten Clara Rojas eta Consuelo Gonzalez, eta lehendabizikoak gerrillaren esku dagoela izandako seme txikia aske utzi behar zituen FARCek joan den astean, Hugo Chavez Venezuelako presidentea bitartekari zela. Hainbat atzerapenen ondoren, ordea, ez zituzten libre utzi.

Kolonbiako Gobernuak salaketa egin zuen, orduan, FARCen kontra: Emmanuel haurra ez zutela beren esku agertu zuten; aitzitik, Bogotako erietxe batean zegoela 2005etik, eta horregatik ez zuela gauzatu gerrillak bahituak askatzeko operazioa. Azken batean, gezurretan aritzea eta ezintasunez jokatzea leporatu zion.

FARCek gaur eman duen azalpenaren arabera, ordea, Gobernua ibili da iruzur egiten. Emmanuel ez duela bere esku onartu du; areago, egun Gobernuaren esku dagoela, baina haurra bahitzea egotzi dio. Gerrillak azaldu duenez, bahituak askatzeko akordioa sinatu bitartean Bogotara eraman zuten mutikoa, "eraso eta bonbardaketa artean, etengabeko mugimenduan eta oihaneko baldintzetan" edukitzea haurrarentzat kaltegarria zelako. Bogotan konfiantzazko jendearen esku utzi zutela agertu du FARCek, baina Gobernuak bahitu egin zuela, arestian aipatu bezala, operazioa hondatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.